Donostia. 19.00etan izango da eztanda. Eta, urtero bezala, kainoiaren ondoren piztuko da festa. Aurten, hori bai, zapi beltza lepotik izango du Aste Nagusiak: hamar urte betetzen dituztela eta Piratak koletiboa izango da Artillero abestuko duena Alderdi Ederreko terrazan. Eta ez dira bakarrik egongo: koadriletako ordezkariak ere gonbidatu dituzte eta ehun bat lagunentzako lekua gordetzeko esan dute.
Gehiegi desafinatzen duten edo ez ikusteko, ehunka lagun izango dituzte parean Alderdi Ederreko jardinetan, festarako gogoz. Artilleroaren ondoren dantzan jarrai-tzeko, The Uski’s taldearen emanaldia izango dute metro gutxira, Bulebarrean bertan. Txarangak, erraldoiak eta buruhandiak eta batukada talde bat ere izango dira: azken urteotan bezala, festen hasiera indartzea eta jendea pixka bat gehiago animatzea izango da haien gaurko lana.
Kainoikadaren ondoren hasiko dira aurtengo Aste Nagusiko programan antolatutako 350 ekitaldiak baino gehiago. Tailerrak, jolasak, musika, kirola, feriak, lehiaketak... Eta, nola ez, festa giroa nonahi.
Egitarau zabalean nabarmendu beharrekoak ere badaude. Besteak beste, gaur bertan Konstituzio plazan izango den Txistularien Alardea (Nafarroako konkista gogoratuko dute), Katalunia plazan egunero lehenengo aldiz izango den sagardo azoka, ohiko Salbea eta Festara Ama Birjinaren egunaren bezperan, tortilla, marmitako eta entsalada lehiaketak, erraldoi eta buruhandiek Victoria Eugeniari eskainiko dioten dantza... Eta, nola ez, baita egunero 22.45etik aurrera zerua apainduko duten suak, 49. urtez.
kontzertuak Sagueseko kontzertuak urtero hitzordu jendetsuenetakoak izaten dira eta gaur bertan Zea Mays eta Doctor Deseo bilbotarrak igoko dira taula gainera. Bertatik pasako dira ondorengo egunotan Ken Zazpi, Esne Beltza, Gose, Mala Rodríguez eta La Fuga taldeak, besteak beste. Lehenengo aldiz, gainera, gau batean dance sesioa prestatu dute Saguesen. Kursaaleko terrazetako sesioak ere gaur abiatuko dira.
Bestelako musika gogoko dutenek erromeria izango dute Konstituzio plazan gauero eta baita dantzaldia ere, Easo plazan eta Bulebarrean.
Guztira, zortzi egun eta zazpi gau ditu Donostiak aurretik Aste Nagusia bizi eta disfrutatzeko (azken egunean gaueko ekitaldirik ez da egongo ikuskizun piromusikalaren ondoren, aurrekontu murrizketa dela eta). Egitaraua zabala da eta gehiago nahi dutenek Donostiako Piraten programa alternatiboa ere badute zain: asteleheneko abordaia jendetsuaz gain, aste osorako joku, bazkari, lehiaketa eta ekitaldiak dituzte prest portuan kokatuko duten La Flamenca gunean. Momentuz, gaur arratsalderako entsaiatzen jarraitzen dute Ezkila kapitainaren lagunek: Artillero, dale fuego....