DONOSTIA. Donostiako Udaleko tokiko Gobernu Batzordeak Hezkuntza Sailari Intxaurrondo Hegoan haurreskola bat egiteko baimena eskatzea onartu zuen atzo, Intxaurrondo Ikastolarekin maiatzean egin zuen bezala. Bi urtetik beherako haurrentzat auzoan aurreikusita zegoen haurreskola bi ikastetxe publikoen artean banatzea defendatzen du Udalak, bakoitzean bi modulo egokituta.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, dena den, ez du begi onez ikusten haurreskolak eskoletan kokatzea eta 2010ean Udalarekin adostu bezala, Txara edifizioan jartzearen aldekoa da. Bi erakundeen arteko akordioa beharrezkoa da haurreskola zabaltzeko: Udalaren eraikin batean kokatuko da azpiegitura eta Jaurlaritzak kudeatuko du, Haurreskolak par-tzuergoaren bidez.

Naiara Sampedro Donostiako Hezkuntza zinegotziak atzo adierazi zuenez, aurrekontu proiektuan jada inbertsio hori jasota dago eta haurreskolak eskoletan egokitu ahal izateko "beste erakundearen borondate politikoa falta da". Intxaurrondotarrek haurreskolaren beharra dutela ere nabarmendu zuen eta lanak lehenbailehen hasi ahal izateko desioa agertu zuen.

bileraren zain "Iragan uztailaren 27an eskutitz bat bidali zi-tzaion Gipuzkoako Hezkuntza delegatuari bilera bat eskatuz, maiatzean egin zen bezala, eta orain artean erantzunik ez da jaso", kritikatu zuen Sampedrok. Horregatik, datorren astean haurreskola bi ikastetxeetan kokatzeko proiektuaren inguruko dokumentazio guztia bidaliko zaiola aurreratu zuen, baita atzo bertan tokiko Gobernu Batzordeak onartu zuen eskaera ere.