Donostia. Amara Berriko Peñaflorida institutuaren eraikina bota baino lehen Pio XII.aren plazan birlandatutako hiru sekuoiak "osasuntsu eta kementsu" daudela jakinarazi zuen atzo Donostiako Udalak.
Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekimen antolatu ditu aste honetan udal Gobernuak, eta tartean sekuoiak nola dauden eta lurrean nola errotu diren aztertu dutela jakinarazi zuen. Besteak beste, Axier Jaka zinegotzia gerturatu zen zuhaitzak aztertzera teknikariekin. "Sekuoiak apartak dira, kimu berriz eta berdez josita daude, osasuntsu eta kementsu. Udaberri bete-betean gauden honetan poz handia ematen du zeinen ondo errotu diren ikusteak. Donostiara egunero hiriaren sarrera honetatik sartzen diren milaka eta milaka lagunei ongi etorria ematen diete, eta donostiarrok ere ondare bizidun honetaz gozatzeko aukera dugu", adierazi zuen Ingurumen zinegotziak.
Abenduaren 15ean birlandatu zituen hiru arbolak Donostiako Udalak, Hezkuntza Sailarekin eztabaidatu ondoren. Peñaflorida institutua botatzeko lanak hasi behar zituen Eusko Jaurlaritzak, bertan beste eraikin berri bat altxatzeko. Eta, obra egiteko, institutuaren inguruan zeuden zuhaitzak kentzea beharrezkoa zen.
Hala, hainbat amaratarrek arbolak ez botatzeko eskatu zuten, inguru horretan plazak eta landareak ugariak ez direla argudiatuta. Gainera, zuhaitzak institutuko irakasle eta ikasle izandakoek landatu zituzten garai batean.
Azkenean Donostiako Udalak zuhaitzak aztertzeko agindu eta hiru sekuoiek balio berezia zutela ondorioztatu zuen. Hezkuntza Sailarekin hitz egin ondoren, eraikina botatzeko lanak aste batzuk atzeratzeko eskatu zuen, tarte horretan zuhaitzen birlandaketa prestatu eta gauzatzeko asmoz.
Birlandaketaren kostua aurreikusita ez zegoela eta Eusko Jaurlaritzak ez zuen bere gain hartu, baina eskatutako epea eman zion Udalari hark birlandaketa egin zezan nahi izanez gero.
Azkenean, abenduaren 15ean eraman zituzten arbolak. Operazioa konplikatua izan zen eta, gainera, birlandaketak arriskua ere bazuela zuhaitzentzat ohartarazi zuten teknikariek, ezin baitzuten %100ean bermatu kalterik ez zutela jasango.
Bada, sei hilabete pasa ondoren, badirudi zuhaitzak egonkortu direla Pio XII.aren plazan, eta horregatik gustura agertu ziren udal ordezkariak. "Donostian ondare publikoaren eta naturalaren kontserbazioaren aroa irmoki sendotzen ari dela esan dezakegu", aipatu zuen Axier Jaka zinego-tziak.
Sekuoiek 22 metro neurtzen dituzte eta 220 tonako pisua dute, eta grua bereziak behar izan zituzten alde batetik atera eta bestera eramateko. Gauez egin behar izan zuten lana, errepideetan eta hiritarrei kalte gutxiago eragiteko asmoz.