Donostia. Udako kirol kanpainaren baitan, oraindik plaza libreak dauzkaten ikastaroetan izena emateko bigarren epea zabalduko da bihar, baita aretoko jardueretan apuntatzeko ere.
Donostia Kirolak duela bi aste abiatu zuen matrikulazio kanpaina eta lehen fasea bukatuta eta izena eman zutenen artean plazak zozkatu ondoren, hurrengo epeari ekingo dio, oraindik libre dauden plaza horietan izena emateko. Gainera, aretoko jarduerak ez ziren lehen fase horretan sartu eta orain izango dute apuntatzeko aukera interesa dutenek. Horrela, aerobika, ziklo-indoor, pilates, gimnasia 60 plus, yoga eta horrelako jardueretan parte hartu nahi dutenek hilabeteko zein hiruhileko ikastaroetan izena eman dezakete bihartik aurrera. Kasu honetan, aurrez aurre egin beharko dute matrikula, Donostia Kiroleko bulegoetan edo polikiroldegietan.
Aipatutako lehen fase horretan 10.000 eskaera baino gehiago jaso ditu Donostia Kirolak (pertsona bakoitzak lau aukera eska zitzakeen) eta horietatik 5.200 pertsonek konfirmatu dute dagokien plaza kuota ordainduta.