Altzak doinu eta gogoeta
kontzertu hunkigarria eta tokiko historia taldeen topaketa egin dituzte historia mintegiaren 25. urtebetetzean
KONTZERTU jendetsua eta hunkigarria, ostiralean, eta Gipuzkoako tokiko historia taldeekin topaketa, larunbatean. Hala ospatu ditu Altzako Historia Mintegiak (AHM) aurten betetzen dituen 25 urteak: alde batetik, altzatarrekin jai giroan eta, bestetik, tokiko historiari buruzko gogoetarekin.
25 urte ez dira egunero betetzen eta horregatik ostiralerako San Martzial elizan prestatutako kon-tzertua ez zela nolanahikoa izango garbi zuten AHMko kideek. Altzak soinu, Altzak doinu izenarekin bataiatu zuen hitzordua Joan Mari Irigoien idazleak. Donostiako udal txistulari taldea, Orereta-Oinarri eta Aita Sierra abesbatzak, gaitaren doinuak, dantzariak, kantu herrikoiak eta Altzatarrak danborrada izan ziren kontzertuan, AHMko kideei altzatarrek egin zieten omenaldiaz gainera.
"Zirraragarria izan zen eta jendetza izugarria bildu zen San Martzialen", eskertu du Maribel Manzanok, Historia Mintegiko kideak.
Baina festa giroan ez ezik, 25 urte hauetan egin duten eta hemendik aurrera egingo duten lanaren inguruko gogoetarekin ere ospatu zuten urteurrena altzatarrek. Hala, lehen aldiz, Gipuzkoan dauden eta tokiko historia lantzen duten taldeen arteko topaketa antolatu zuten larunbatean. Pasaiako Albaola, Antxotarrok historia mintegia, Andoaingo Burdina taldea, Añorgako Gorga eta Pasaiako Fato Cultural Galego elkarteko ordezkariak izan ziren Debako kultur elkarteko kide Javi Castrok zabaldu zuen topaketan. Leitzarango Xabier Cabezonek ere parte hartu zuen eta bertaratu ezin izan bazuen ere, Ameskoetako Balbino García de Albizuren ekarpena ere jaso zuten.
Topaketaren helburua elkar ezagutzea zela azaldu du Manzanok, eta batzuen eta besteen esperien-tziak elkartrukatzea. Tokiko historia lantzeko teknologia berriek ematen dituzten aukerak, argazkiek duten erakarpen indarra, ohitura eta testigantzak gordetzearen garrantzia eta talde guztiek egiten duten lana nola gizarteratu aztertu zuten, besteak beste. Erreleboa nola lortu eta jende gaztea taldeetara nola erakarri eztabaidatu zuten, gainera.
Lehen topaketa izan bazen ere, hemendik aurrera horrelakoak egiten jarraitzeko interesa agertu zuten parte-hartzaileek, eta bileraren gogoetak jaso eta zabaltzeko bloga ere sortu zuten.
abenduaren 16an
'Hautsa kenduz'
Asteburua pasa bada ere, ospakizunekin ez dute oraindik bukatu AHMkoek. Hala, abenduaren 16an Hautsa kenduz aldizkariaren ale berria aurkeztuko dutela iragarri dute. Bi urtean behin kaleratzen dute Altzaren historiari buruzko argitalpena eta hurrengo edizioa ia prest dute jada, Eguberriak baino lehen argia ikusteko zain.
Gainera, ale berriaren aurkezpenerako ostiralean San Martzial elizan izan zen kontzertuaren bideoa ere prest izango dutela espero dute Historia Mintegikoek, altzatarren eskura jartzeko.
Abenduaren 16ko aurkezpenarekin amaituko dute, beraz, urteurrena, baina urtarriletik aurrera ere lanean jarraituko dute AHMko kideek.
Más en Donostia
-
EH Bildu muestra su preocupación por la “pérdida de carácter público” del muelle donostiarra
-
Donostia pregunta a sus visitantes: "¿Qué tipo de viajero/a eres?"
-
Denuncian el despido de un delegado sindical socorrista de Donostia
-
“El Ayuntamiento de Donostia y la Hacienda foral tienen claro cómo recaudar el impuesto turístico, y eso es lo que importa ”