Síguenos en redes sociales:

Imanol kantaria gogoratuko dute datorren larunbatean Antiguan

Nafarroa Behereko aldudarrek omenduko dute abeslaria Lugaritzen eskainiko duten emanaldian

Imanol kantaria gogoratuko dute datorren larunbatean Antiguan

Donostia. Imanol kantaria gogoratuko dute datorren larunbatean Antiguako kultur etxean. Nafarroa Behereko Aldude inguruan kantari baten lana aztertu eta landu egiten dute bi urtez behin eta, oraingoan, Imanol Larzabalen kantutegia aukeratu dute.

Hala, emanaldia eskainiko dute aldudarrek Lugaritz kultur etxean larunbatean, hain zuzen, Imanol Larzabal izena duen aretoan. 20.00etan hasiko da eta sarrerek hiru euro balio dute. Imanol Oroituz kultur jardunaldien baitan kokatzen da emanaldia.

90. hamarkadaren hasieran hasi ziren aldudarrak bi urtez behin kantu egile baten obra aztertzen eta sakonki lantzen eta oraingoan Imanolen txanda heldu da. Bere abesti ezagunenak errepasatuko dituzte Lugaritz kultur etxeko taula gainean.

Bestalde, Imanol Oroituz taldeak afari herrikoia ere antolatu du. Txirain elkartean izango da eta Donostia Kulturaren laguntzarekin prestatu dute. Tiketak eta informazioa jasotzeko Lugaritz kultur etxera jo beharko dute interesa dutenek, edo 618 380 308 telefono zenbakira deitu.

Bestalde, datorren asteko hitzordua baino lehen, gaur bertan an- tzerkiarekin gozatzeko aukera izango dute antiguotarrek Lugaritzen. Los peces no vuelan lana antzeztuko dute La mona ilustre taldekoek 20.00etatik aurrera. Ikuskizunera sartzeko sarrerek hamar euro balio dute.