Donostia. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko (abenduak 3), aurten berriro ere, Donostiako Euskararen Udal Patronatuak Mintzodromoak antolatuko ditu. Lehengo urtean Boulevarrean izandako ekitaldiaren dinamika bera jarraituz, mahai baten inguruan euskara ikasten ari den jendea euskara dakienarekin eseriko da, eta luze arituko dira hizketan. Azaroaren 29tik abenduaren 3ra hainbat Mintzodromo antolatuko ditu Patronatuak eta aurtengoan Donostian ez ezik, Gipuzkoako zenbait herritan ere halakoak izango dira.

Bestalde, Bagerak, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, antolaturik Euskararen ibilbidea Donostian deitutako bisita gidatuak izango dira. Ijentea kaletik aterako dira. Interesa duenak hilaren 28ra arte denbora dauka izena emateko (943 467 181 telefonoan edo idazkaritza@bagera.net helbide elektronikoan izena eman daiteke).

Modu berean, Donostiako auzoek ere Euskararen eguna ospatzeko hainbat ekintza propio aurrera eramango dituztela aditzera eman zuen lehengo astean Euskararen Patronatuak.

ginkana eta mosaikoa Garran-tzia eman nahi izan diote Patronatutik sare sozial eta teknologia berrieri. Horregatik, bi iniziatiba plazaratu dituzte: Euskara Iruditan eta Euskararen Ginkana Sarean. Bi proiektuak www.gukereeuskara.com webgunean aurki daitezke.

Lehen ekimenarekin argazki mosaiko handi bat sortu nahi da. Nahi duenak euskararekin erlazionaturiko irudiren bat igo dezake eta 140 karaktererekin argazkian agertzen dena deskribatu dezake. Donostia eta beste herrietako argazkiak bereiztuta agertuko dira. Abenduaren 3a bitartean igo daitezke argazkiak webgunera.

Euskararen Ginkana, aldiz, Kutxa Ekogunea eta Euskararen Udal Patronatuak antolaturiko lehiaketa bat da,15 urtetik gorakoentzat.

Azaroko aste bakoietzean, parte-hartzaileek euskarari buruzko galdera edo proba bati erantzuna eman beharko diote. Lehen fase hau gainditzen dutenak, abenduaren 3an ospatuko den finalera pasako dira. Boulevardean jarriko den karpan egin beharko diote aurre azken probari.