Donostia. Kirol patronatuko ikastaroak, Kirol Ekintzak kanpainaren baitan, urriaren 3an hasiko dira eta, dagoeneko, 12.640 pertsonek eman dute izena. Donostia Kirolak atzo adierazi zuenez, 2010. urtearekin alderatuta, aurtengo datuek errekorra hautsi dute. 2011an 1.000 partaide gehiagok izena eman dute.

Patronatuak aditzera eman zuen azken urteetan izen-emateek gorako joera izan dutela. Aurten, gainera, berebiziko garrantzia izan du Intxaurrondon martxan jarri den kiroldegi berriak eta bertako eskaintzak. "Azken Kanpainan, hau da, 2010-11 denboraldiari dagokiona, partaidetza 15.196 pertsonakoa izan zen; duela lau urte, aldiz, ez zen 10.000ra iristen. Donostia Kirolak kanpaina honetarako finkatu duen helburua 16.500 partaide gainditzea da", azaldu zuten.

Hala, jarduerak eta ikastaroak hasi arren, izena emateko epea zabalik jarraituko duela kanpaina burutu arte eta plaza libreak gelditzen diren heinean argitu zuten.

Kirol jarduerei dagokienez, pilates eta ziklo-indoor ekintzak izan dira hazkunde handiena jasan dutenak, "orain arte eskatuenak izan diren beste batzuk baztertuz, aerobika edo mantentze gimnastika, besteak beste".

Konkretuki, pilateseko ikastaroetan 1.873 pertsona apuntatu dira, eta 1.553 dira ziklo-indoor ikastaroetan daudenak. Igerilekuetako saioei dagokienean, azpimarra-tzekoa da hiru eta bost urte bitartekoentzako ikastaroetan 1.200 umeek izena eman dutela.

"65 urtetik gorako pertsonen artean, kirol praktikak ere urtetik urtera harrera hobea dauka, batez ere mantentze gimnastika, aretoan (713 partaide) zein uretan (418 partaide) egiten dena", gaineratu zuten patronatutik. Bestalde, adineko hiritarren artean kirolaren praktika sustatzeko, Udalak %80ko dirulaguntza eskaintzen die nagusiei.

Ikastaroen inguruko informazioa behar duenak www.donostiakirola.org kontsulta dezake edota 943 481 881 deitu. Jarduerak egiten diren kiroldegietan ere galde daiteke.