"URTE hauetan 10.000 ikasle baino gehiago pasa dira hemendik. Poza eta harrotasun sanoa ematen digu 50 urte betetzen dituen lehen ikastola izateak". Hala mintzatu zen atzo Jon Paul Aizarna, Donostiako Santo Tomas Lizeoko lehendakariaren ordezkoa. Mende erdia behar bezala ospatzeko, urtebete daramate lanean Lizeoko guraso, irakasle, langile, ikasle eta ikasle ohiek. Eta lan horren uzta aurkeztuko dute datorren astean.

Kursaal jauregian ekitaldi berezi eta "hunkigarria" prestatu dute hilaren 21erako, 50 urte hauetako bizipenak eta ahotsak jasotzen dituen liburua argitaratu dute, Antton Valverde eta Xabier Euzki-tzek sortutako abestia aurkeztuko dute eta lizeotar diren eta izan diren guztiak bildu nahi dituzte festa egun handi horretan. Ekitaldi erraldoiean ia 2.000 pertsona elkartuko dira, "Lizeoaren dimentsioaren isla", Iñaki Zubizarreta ikastolako zuzendariaren arabera.

Izan ere, ikastola aitzindaria izateak eta duen tamainak Donostian erreferente eta gainerako ikastolentzat eredu bihurtu dute: "Eta lidergoa mantendu nahi dugu, baita beste 50 urtetan ere", aipatu zuen Aizarnak urteurreneko ekitaldien aurkezpenean.

Lizeoko sortzaileen izenak izan zituen ahoan: Karlos Santamaria, Koldo Mitxelena, Joxemiel Zumalabe eta Jose Mari Lasarte. "Ezin dut jabetu orduko egoera zein zen", aitortu zuen Aizarnak, 60ko hamarkadaren hasieran Lizeoa zabaltzeko haiek gainditu zituzten oztopo eta zailtasunen inguruan. Baina haien ondoren ere 50 urteotako ibilbidean Lizeotik pasatako guztiak gogoratu nahi ditu ikastolak Kursaaleko ekitaldian. "Ez da banan-banako errekonozimendurik egingo, jende gehiegi litzateke", azaldu zuen ekitaldia prestatzen aritu den Itziar Beristain zuzendaritzako kideak.

Hori bai, sorpresak iragarri zituen Beristainek eta lizeotar guztiak gonbidatu zituen ekitaldira eta ondoren Ni Neu jatetxean izango den afarira gertura daitezen, oraindik leku batzuk geratzen baitira. Horretarako Lizeora deitu besterik ez dute egin behar.

Liburua eta abestia

Bizipenak, korala eta bizia

Abestia, ekitaldi hunkigarria, logo berezi bat, ikasleen beste danborrada bat (hirugarrena, haurrena eta gurasoenarekin batera), danborrekin jotzeko doinu berria, gurasoen artean zabaldu nahi duten kidetza txartela... Eta hori guztia eusteko, liburu bat ere osatu dute urteurrena behar bezala ospatzeko. "Garbi geneukan argazki liburu bat bakarrik ez genuela nahi", azaldu zuen Begoña Alvarez irakasleak. Horren ordez, "bizipenen liburu bat" osatu dute, "korala eta bizia". 256 orritan zehar ikasle ohien, gurasoen, irakasleen eta egungo ikasleen gogoetak eta lekukotasunak jasotzen dituzte, baina baita Lizeoko historian garrantzitsuak izan diren gai eta uneak eta baita proiektuaren garapenean parte hartu dutenei aitorpena ere. Erreportajeak daude, irudiak, komikiak, bertsoak... Eta horiek osa-tzeko kazetari, margolari eta idazle lizeotarren laguntza izan dute, besteak beste.

Argitalpena prestatzeko guraso izandako Antton Valverderengana jo zuten. "Baten batek ideia txarra izan zuen orduan eta abesti bat sor-tzeko eskatu zidaten", egin zuen txantxa Valverdek. Baita egin ere. Xabier Euzkitze ikasle ohiak letrak jarri eta Gora Lizeoa ereserkia osatu zuten, Kursaaleko ekitaldian ikasleek abestuko dutena.

Ibilbidea

Amaratik, Ibaetara

1960-61ekoa da Lizeoko lehen promozioa, eta Amarako lokal batzuetan ikasi zuen. Mirakontxatik ere pasa ziren lehen urte haietan lizeotar aitzindariak, 1972.ean Ibaetako egungo egoitza zabaldu zuten arte. Hasierako eraikinak biderkatu ziren aurrerago, Haur Hezkuntzatik Batxilergorako ibilbidea osatzeko. Egun bi urtetik 18 urte bitarko hezkuntza eskaintzen du Lizeoak eta 1.730 ikasle eta 160 langile ditu.