Donostia. Ibaetako Lagunen Auzo Elkarteak, Ilaek, mendi irteera antolatu du, berriz ere, biharko. Oraingoan Erniora joatea erabaki dute antolatzaileek.

Mendirako ibilbidea Iturriotzen hasten denez, aurrekoan bezala Ibaetako aparkalekutik abiatzeko proposamena egin dute, nahiz eta parte-hartzaile bakoitza bere autoan joan, guztiak batera atera eta guztiak batera iristeko. 9.30ean jarri dute hitzordua.

Ibilbidea zortzi klometrokoa izango dela ere iragarri dute Ilae elkartekoek, gutxi gorabehera. "Baina, beti bezala, batez ere txikiekin joanez gero, iruditzen zaigun lekuraino iritsiko gara", iragarri dute antolatzaileek, jendea lasai joan dadin umeekin badoaz ere.

Dena den, ibilbideari buruzko informazio zehatzagoa nahi izanez gero, auzo elkarteak duen blogean topa dezaketela ere aipatu dute, honako helbide elektronikoan: ilae.blogariak.net.

Parte hartzeko asmoa duten guztiei, gainera, bazkaria eraman beharko dutela gogoratu diete eta baita mendian eroso ibiltzeko arropa egokia ere.

telefono zenbakia Bestalde, mendi irteerara joateko asmoa dutenei badaezpada korreo elektroniko bat bidaltzeko eskatu diete haiekin kontaktatzeko telefono zenbaki batekin, aldaketarik izanez gero, haiei komentatu ahal izateko aldez aurretik. Eguraldi kaskarra eginez gero, adibidez, irteera bertan behera geratuko balitz abisatzeko aukera izango lukete horrela auzo elkartekoek. Horretarako helbidea ibaetan@gmail.com da. 664 575 040 telefono zenbakira ere dei dezakete mendi irteerara joango direla komunikatzeko edo zalantzarik izanez gero, argitzeko.

Hala ere, telefonoa uzteak ez duela inolako konpromisorik suposatzen ere aipatu dute eta Ibaetako lagun guztiak animatu nahi dituzte bihar Erniorako bidea elkarrekin egiteko.