Beste hauteskundeak Igeldon
Herri kontseilua berritzekobozkarako deia egingo dute ekainean
"iGELDOK nortasuna badu, eta hori errespetatzeko jarraitu behar dugu lanean". Herri kontseilua berritzeko prozesua abiatu dute igeldotarrek eta horretarako orain artean ordezkari izan direnek proposamen bat aurkeztuko dute gainerako biztanleen aurrean, herri batzarra deitu baitute bihar goizerako. Asmoa, bihar bertan hauteskundeak antolatzeko prozesua hastea da.
Hamabost urte pasa dira egungo herri kontseilua aukeratu zutenetik. "Egoerak aldatzen joan dira eta pertsonak, nekatzen", diote bertako kideek. Lekukoa eskuz aldatu eta "urrats kualitatibo berriak" emateko ordua dela uste dute.
Izan ere, hasiera batean lau urterako aukeratu zituzten, baina batez ere Donostiatik desanexio prozesua konplikatu zenez, lanean jarraitu zuten 1996an aukeratutako ordezkariek. Desanexio hori defendatzeko epaitegian aurkeztutako helegiteen zain daude egun igeldotarrak, eta tokiko entitate txiki bihurtzeko aukera geldirik dago. Bi bide horiek garatzeko egingo du lan herri kontseilu berriak, baita ahal den neurrian behintzat Igeldorako kudeaketa ahalmenak areagotzeko ere.
89. udalerria
Auzorik ez
Izan ere, 1995.ean erreferendumean igeldotarrek Donostiako auzo izateari utzi nahi ziotela adierazi zuten eta segregazio prozesuari ekin zioten orduan. Horri jarraipena eman nahi diote igeldotarrek, eta horren eredu dira balkoi eta kaleetan zin-tzilikatutako kartelak, Igeldo, 89. udalerria lemapean.
Igeldotarren interesen defentsan, Donostiako Udalarekin izandako harremana batzuetan ona eta besteetan ez hain ona izan dela aitortu du Koldo Lizarralde herri kontseiluko kideak. Urte hauetako lorpenen artean, eskola berria, kultur etxearen irekiera, frontoi berria edo kaskoaren plana aipatu zituen: "Nahiz eta ez den guk nahi genuen bezalakoa", gaineratu zuen kaskoaren berritzearen inguruan. Gainera, hainbat ekimen urbanistikoetan "Plan Orokorra betearaztea" lortu dutela esan zuen, eraikitzeko lizentzia batzuk epaitegietara eraman baitituzte eta horietako batzuk ekiditea lortu baitute.
Urte hauetako auzolana ere nabarmendu zuen, eta igeldotarren kohesioa areagotu dela ere bai. "Hobetzeko beharrak ere hor daude oraindik", aipatu zuen.
egitura
Kontseilua, batzordeak eta batzarra
Horiei ekin beharko diete kontseilu berriko kideek. Orain artean 20 inguru izan badira ere (hor Igeldoko talde eta sektore guztietako ordezkariak ere bazeuden), hemendik aurrera zazpi izatea proposatu dute, eraginkorragoa izan dadin. Edozein igeldotarrek aurkeztu dezake bere burua edo lagun batena eta, hautagaitza onartuz gero, aukeratua izan daiteke.
Orain artean bezala, kultur gaiak, hirigintza kontuak eta bestelako obra eta eguneroko kontuak landuko dituzte, taldetan banatuta. Horretarako, administrazioko kontseiluaz gain, batzordeak osatuko dituzte, eta herri batzarra ere deituko dute Igeldorekin zerikusia duten funtsezko gaien inguruan eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko.
Igandean ere, herri batzar horren babesa bilatuko dute kontseilukoek beste hauteskunde batzuk deitzeko. Hasiera batean, ekainean egingo dituztela pentsa-tzen dute eta antolakuntza gaietarako Donostiako Udalaren eta Foru Aldundiaren babesa ere eskatu dute.