Loiolako Erriberan zortzikoa dantzatuko dute San Juan gaua ospatzeko
auzo elkarteak antolatuko ditu entseguak zuhaitzaren inguruan dantzatu ahal izateko
Donostia. Loiolako Erriberan San Juan gaua berezia izango da aurten. Iaz, jada, sua piztu zuten inguruko plaza batean erriberatarrek auzoan bertan bizi zezaten gau berezia. Aurten beste pauso bat eman nahi dute eta zortziko bat dantzatuko dutela erabaki dute auzo elkarteko lagunek.
Euskara batzordea izan da aurtengo ekitaldien antolaketaren ardura hartu duena. "Parte hartu nahi dugun guztiok auzoan jarriko dugun suaren-zuhaitzaren inguruan dantzatuko dugu zortzikoa eta ondoren, kalejira eta arin-arinak ere dantzatuko ditugu", adierazi dute auzokideek.
Hala, dantzak eta antolakuntza ondo atera daitezen, entseguak prestatuko dituzte auzo elkartekoek, La Sallen, printzipioz. Entseguetara eta San Juan bezperako festan parte hartzera auzotar guztiak gonbidatu nahi dituzte. "Oso erraz ikasten den dantza da", animatu nahi dituzte antolatzaileek, eta gizon-emakume guztiei zabaldu diete gonbitea, gazte zein heldu.
e-maila Entseguetara joateko eta festaren inguruko xehetasun gehiago jakiteko erriberatarrak.euskara@gmail.com helbide elektronikora bidali dezakete mezua interesa duten guztiek. Hortik aurrera, praktikatzea bakarrik faltako zaie ekainaren 23ko gauean gainerako auzokideekin suaren eta zuhaitzaren inguruan zortzikoa dantzatu ahal izateko.