Donostia. Igeldotarrek herri kontseilua berritzeko hauteskundeak deituko dituzte. Egungo kontseilua 20 bat lagunek osatzen dute 1996. urtetik eta haiek izan dira kontseilua berritzeko deia zabaldu dutenak. Horretarako, proposamen bat osatu dute eta igandean aurkeztuko diete igeldotarrei, horretarako herri batzarra deitu baitute. Asmoa da bilera horretan proposamen horren aldeko sinadurak biltzea, hauteskundeak antolatzeko taldea osatzea eta boz horiek zein egunetan deituko dituzten zehaztea.

Printzipioz ekainaren erdialdean dute hauteskunde horiek ospa-tzeko asmoa, egungo herri kontseiluko kideek atzo agertu zuten bezala. Zazpi kidek osatuko dute lau urterako osatuko den kontseilu berria eta printzipioz 18 urtez gorako igeldotar guztiak izan daitezke hautagai eta hautesle.

Orain artean Igeldok beti izan duela ordezkaritzaren bat eta 1996az geroztik herri kontseiluak egin duela lan hori nabarmendu zuen Koldo Lizarralde kontseiluko kideak. Azken hamabost urte hauetan Donostiatik desanexio prozesua bultzatzeko lana egin dutela azpimarratu zuen eta egun asmo horrekin EAEko epaitegi nagusian aurkeztutako helegiteen erantzunaren zain jarraitzen dutela ere bai. Ereñotzuren antzera, toki entitate txiki bihurtzeko prozesua ere abiatu zuten, nahiz eta une honetan geldirik dagoen.

Etorkizunera begira, kontseilu berria Igeldoko kudeaketarako ahalmenak lortzen saiatuko da, baita igeldotarren izaera errespeta dadin ere.