Euskararen plan orokor berria 2015 arte
aurreko lan ildo nagusiei jarraipena eman nahi die benetako elebitasuna lortzeko bidean
Donostia. Donostiako Udalak Euskararen Plan Orokor berria onartu du, 2011 eta 2015 urteen artean indarrean egongo den plan markoa, hain zuzen ere. Aurreko lan ildo nagusiei jarraipena ematea da plan berriaren helburua, benetako elebitasuna lortzeko bidean. Horretarako, marko horren baitan urtez urte definituko ditu Udalak ekintza planak.
Plan berria osatzeko, alde batetik, aurreko urteotan indarrean egon denaren balorazioa hartu dute kontuan; bestetik, denbora honetan Donostiako gizarteak izan duen bilakaera soziolinguistikoa aztertu dute: euskaldun eta ia euskaldunen kopuruak gora egin du urte hauetan (%67 dira guztira) eta erdaldun elebakarrenak, ordea, behera.
Gainera, Hizkuntz Normalizaziorako zinegotzi Ainhoa Beolak atzo azaldu zuenez, Euskararen Aholku Batzordeko kideen ekarpenak eta hainbat esparrutako 43 adituk esandakoak ere bildu dituzte plana definitzeko garaian. Izan ere, plana bera zeharkakoa, integrala, parte-hartzailea, irekia eta malgua izatea zen helburua, baita neurgarria eta euskararen kalitatea zainduko duena ere.
"Donostiarren euskalduntzea bultzatzen jarraitu behar da, bai belaunaldi berrien euskalduntze praktikoa bilatuz eta baita helduen artean euskara dakitenen kopurua areagotuz", agertu zuen Beolak. Eta era berean, hiriko erakunde publiko eta pribatuen jardunean euskal hizkuntza ohikoa izan dadin lortu nahi du Udalak, "eta euskaraz dakitenentzat euskara modu komunikatiboago eta naturalagoan erabiltzeko motibazioa eragiten duten estrategiak" landu behar direla ere uste du.
Izan ere, Donostian, gainerako herrietan bezala, euskara dakitenen kopuruak gora egin duen arren, euskal hizkuntzaren erabilera ez da neurri berean hazi. 2006an Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketa batean, kale erabilera %18,2koa bakarrik zela agertu zen. Eta erabilera hori bultzatzeko, motibazioan egin nahi du indarra Udalak datozen bost urteotan.
"Azken urteotan hizkuntza politikan lehentasun izan denari jarraipen emanez, erabilera sustatzean jarri behar dira indarrak, familiarteko transmisioari ere arreta berezia jarriz", gaineratu zuen Beolak. Izan ere, orain arte euskalduntze programetan ahalegin handia egin dela onartu zuen: "Egungo egoeran, batez ere, erabilera komunikatiboa sustatu nahi da". Eta hori lortzeko bidean, euskararen aldeko motibazioa lantzea ere garrantzitsua iruditzen zaio Euskararen Plan Orokor berriari.
Plan marko honen jardunak irakaskuntzan, euskalduntzean, familian, Administrazioan, lan munduan, aisialdian, kirolan, kulturgintzan, komunikabideetan, hizkuntz baliabideetan eta motibazioan eragin nahi du, esan bezala, urtez urte diseinatuko dituzten ekintzen bitartez.
balorazioa Azken hamar urteotan indarrean izan den plan orokorraren ebaluazioa ere egin zuen atzo Beolak, eta ia 1.000 ekintza burutu dituztela azaldu zuen, 407 lehen bost urteotan ia bost milioi euroko aurrekontuarekin (2001-2005 artean) eta 537 azken bost urteotan, 6,5 milioiko inbertsioarekin (2006-2010).
Urte horietako lorpenen artean, Euskararen Hiria marka sortu dela azpimarratu zuen zinego-tziak, sentsibilizazio kanpaina garrantzitsuak garatu dituztela eta lekuan lekuko taldeekin lana ere egin dutela, esaterako, iazko Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan makina bat ekintza antolatzeko.
Gainera, enpresa eta zerbitzu pribatuentzat euskarazko baliabideak sortu dituzte (merkatarientzat, adibidez), etorkinak euskararantz gerturatzeko Auzoko programa abian jarri dute eta, barrura begira, Donostiako Udalaren baitan euskara lan hizkuntza bihur dadin hainbat batzorde sortu dituztela aipatu zuen, sailez sail garatu daitezkeen proposamenak lantzeko eta bideratzeko.
Más en Donostia
-
LGTBI+ fobia sigue en aumento en Donostia con 24 casos, tanto agresiones como trato degradante
-
De las Bizarrap Sessions a las 'DK Sessions': Donostia pone en valor los músicos locales
-
Podemos exige al Eustat que acelere el envío de datos a Vivienda para topar los precios de los alquileres
-
Ya se conocen los números ganadores de los trozos de la barandilla de La Concha