Síguenos en redes sociales:

Rezolatik añorgatarren ahotsetara

Fabrikako museoak auzoko bizilagunen oroitzapenak jaso ditu dokumental batean

"Rezola, Añorga; Añorga, Rezola. Gauza bera esatea zeneko urte handiak bizi izan ditugu guk". Honela hasten da FYM-Cementos Rezola enpresak herenegun aurkeztu zuen dokumentala. Bideoa fabrikako museoan izango da ikusgai Añorgatarrak. Oroimenaren ahozko bilduma izenburuarekin, kolonia industrialaren parte izan zirenen oroitzapenek osatzen baitute Rezolak berak eta Eusko Jaurlaritzak ekoiztutako lana.

Aspalditik zain ziren Añorgako bizilagunak grabaketa ikusteko. Batzuk, guapoak aterako ez ote ziren beldur; besteak, duela hilabete esandakoak bizilagunekin arazoak sortuko zizkien edo, urduri. Eta Okupgrafeko filmatzaileak, protagonisten iritzi positiboa en-tzuteko gogoekin. Den-denak, bideoa ikusteko irriketan. Hala zeuden pasa den ostegun arratsaldean Rezola Museumera joandakoak. 50 pertsona inguru hurbildu ziren, egileak agurtu, dokumentala ikusi eta, horren ostean, museoak prestatutako lunchean oroitzapen haiei buruz luzaro hitz egiteko asmoz.

Iñigo Royok, dokumentalaren editoreak, ondo zekien bideoak bizilagunengan izango zuen eragina, aspaldidanik ari baitira Okupgrafekoak herritarren memoriak biltzen Euskal Herrian barrena. "Zaila da 30 orduko grabaketak 30 minututan laburtzea, baina kontatu dituzuen ideia orokorrak jaso ditugu, zuek errekonozituta sentitzeko nahiarekin", esan zuen bideoaren emanaldiari hasiera eman baino lehen.

Bukatzean, esker oneko txaloak entzun ziren. Oroitzapen gozo nola garratzek distira piztu zuten bizilagunen begietan, eta motzegia ez ote zen galdetzen zioten elkarri. "Gauza asko geratu dira esateko", laburbildu zuen aurkezpenaren ondoren Joxema Mendiolak, bideoan parte hartu duenetako añorgatar batek. "Baina ondo dago, polita gelditu da", aitortu zuen Mendiolak, beranduago Karmele Zapirainek, bideoko beste protagonista batek, baieztatu zuen moduan.

Enpresaren eragina

Añorgatarrak, aho batez

"Bat, bi eta hiru: Cementos Rezola, empresa ejemplar. De sus productores, madre tutelar", abesten dute bi ahizpek dokumentalean, bideoak Añorga auzoko irudi zaharrak erakusten dituen bitartean. Izan ere, pantailan bizilagunen hitzek gogoratzen duten moduan, Rezola izan zen baserri sakabanatuek osatutako gune hura auzo bilakatu zuena, "bere gauza on eta txarrekin".

Fabrikako jabe izan zen Don Juliánek bizilagunengan sortzen zituen amodio eta gorrotoei buruz luzaro mintzo da Añorgatarrak. Auzoarengatik egindako guztiak goraipatzen ditu, baita nagusiak kirol eta kultura ospakizunak ospetsu bihurtzeko egindako esfortzuak ere. Baina badira bere "paternalismoa" Frankoren diktadurarekin konparatzen dituzten lagunak, oraindik amorru keinua kamararen aurrean ezkutatu ezin dutenak.

Langileen egoera, familien joan-etorriak, Gerra Zibilaren osteko bizipenak eta sindikatuen sorrerak jasotzen ditu bideoak Rezolaren eta añorgatarren ikuspuntutik. Urte horiek bizi zituztenen ahotsek kontatzen dituzte fabrika jaio eta saldu bitartekoak, 30 minutuko dokumental honetan.

Ostegunean batzuk ados zeuden bideoak islatzen zuenarekin. Beste batzuk ez hainbeste, baina denek argi zuten Rezolak berebiziko garrantzia izan duela bai auzoko, bai auzokideen nortasuna eraikitzeko garaian. Horregatik, pelikulan ahizpak abesten entzutean, publikoak berehala jarraitu zuen, eta añorgatar guztiek batera kantatu zuten: "Empresa y obreros, unidos cantan como hermanos su canción de paz".