Eibar - Bere hitzez "Lehen Mailako klub txikientzat deserosoa" den neguko merkatuan Eibarrek egindako kudeaketarekin pozik agertu zen Fran Garagarza. Talde armaginak bi jokalari gehitu ditu bere taldera, Sebastian Cristoforo erdilari uruguaitarra eta Rafa Soares ezker hegaleko portugaldarra, eta ez du inolako irteerarik izan.

Talde eibartarraren kirol-zuzendariak aipatu duenez "oso merkatu zorrotza da, mugimendu eta lan handikoa, baina gero lan hori guztia aurrera eramatea ez da erraza izaten. Gustura gaude egin ditugun mugimenduekin. Bi mutil gazte fitxatu ditugu, orainerako eta etorkizunerako. Erosteko aukera duten lagapenak dira. Gurekin jarraitzeko aukera dute guk hala nahi izanez gero; egia esan, udan egin behar genuena aurreratu egin dugu, bi jokalari horiek gurekin ditugu jada, gure helburua lortzearren taldeari lagundu ahal izateko".

Garagarzak, gainera, argi utzi nahi izan zuen "erabaki guztiak oso ondo aztertu eta adostu dituztela kirol ba-tzordearen, staff-aren eta idazkari-tza teknikoaren artean. Lesioek hausnarketa sakon batera eraman gaituzte jokalariak ekartzerako orduan, batzuetan, deialdiak osatzeko, filialeko mutilak behar izan ditugulako".

Beraz, Sebastian Cristoforo eta Rafa Soares fitxatuta, 24 jokalariko plantilla dauka Eibarrek, "azken urteetako zabalena". "Jokalari bakar batek ere ez du irtetea eskatu, eta klubak ere ez du inor joatea aurreikusi", gaineratu du.

orellanaren kontratu-berritzea Fran Garagarzak bide batez aurreratu zuen Eibarrek dagoeneko elkarrizketak hasi dituela bere jokalari onenetako batekin, Fabian Orellanarekin, kontratua berritzeko. Jokalariarekin aspaldi bildu zen eta duela gutxi bere ordezkariarekin elkartu da, Txileko erasotzaileari ekainaren 30ean amaitzen zaion kontratua luzatzeko asmoarekin. "Eibar aurrerapausoak ematen ari da akordioa lortze aldera" , aipatu zuen. Aurtengo denboraldian Charlesi, Pedro Leoni, Ramisi, De Blasisi eta Escalanteri ere amaitzen zaie kontatua, eta batzuekin "orain hasiko gara hitz egiten", esan zuen Garagartzak.

Era berean, Eibarko kirol arduradun nagusiak adierazi du Esteban Burgos erdiko atzelari argentinarrak dagoeneko lortu duela Europako Erkidegoko pasaportea, eta hori "oso garrantzitsua" dela klubarentzat, "orain Pablo de Blasis eta Takashi Inui bakarrik ditugu Europako Erkidegotik kanpoko jokalaritzat".

kirol balantzea Taldearen egoerari buruz, Fran Garagarzak azpimarratu zuen jaitsiera postuekiko "sei puntu mantentzen" ditugula, eta hori aurreko denboraldian garai honetan zeukaten abantaila bera dela. "Geratzen diren 16 partidetatik zortzi etxean dira, eta horietatik lau aurkari zuzenen kontra. Beste behin ere, helburu nagusia, salbazioa, gure zelaiaren eta gure zaleen baitan egongo da", zehaztu zuen.

Emakumezkoen lehen taldearen denboraldiari ere garrantzia handia eman zion, egun Iberdrola Ligara zuzenean igotzeko postuan baitago Athletic eta Bartzelonako filialen atzetik, "puntu eta gol-average tarte polita dugu eta oso baikorrak gara". "Albiste ederra da, eta azken txanpa honetan denok lagundu behar dugu helburua lortzeko", gaineratu zuen kirol zuzendariak.

harrobia Eibarreko gainerako taldeei dagokienez, Tote jokalaria Algecirasetik iritsi da, eta denboraldia honen amaiera eta beste birako sinatu du. "Uste dut Vitoriarekin amaiera arte egongo garela goialdean borrokan" hirugarren mailako laugarren multzoan, Bigarren B Mailara igotzeko play-offa jokatzeko helburuarekin.

Horrez gain, Garagarzak Iker Aguilar kadetearen Espainiako 15 urtez azpiko selekziorako deialdia azpimarratu zuen, "Eibar taldearen sendotasunaren erakusgarri baita".

Amaitzeko, hauxe aipatu zuen "Jubenila oso denboraldi ona egiten ari da, eta Euskal Ligako Kadetea berdin. Gustura gaude oinarrizko futbolak izan duen hazkundearekin, nahiz eta azterketa sakona ikasturtea amaitzean egin beharko den".