- Koronabirusaren pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, iritsi da Goñiren Omenezkoarekin, asteazkenero afizionatu mailako pilotarik onena Zumarragako Beloki pilotalekuan gozatzeko ordua. 30.a denez aurtengo edizioa berezia izango da, eta ez da ez nolanahiko jaialdiarekin hasiko, finalerdietarako lehen txartelak jokoan izango baitira.

Promesetan, lau t'erdikoan, Iker Amiano eta Iker Egiguren gipuzkoarrek izango dute txapelketa honetako lehen pilotakadak jotzeko ohorea, itxura batean faborito argirik izango ez duen partida orekatuan. 19 urte bete berri dituen Amiano irundarrak Tolosako Aurreran jokatzen du eta fisiko ikaragarria duen pilotaria da; aurrez ere irabaziak ditu Gipuzkoa mailako txapelak buruz burukoan zein binaka. Aurrean Iker Egiguren azpeitiarra izango du, Julen Egiguren profesionalaren anaia, Ilunpeko harrobi oparoaren beste emari bat, eta dagoeneko Gipuzkoako eta Euskal Herriko herri arteko txapelak irabazitakoa.

Elite bikoteei dagokienez, final-laurdenetako lehen kanporaketa Julen Alberdi-Arbizuk eta Igoa-Cuairanek jokatuko dute. 2018ko lau t'erdiko txapeldun izandako Alberdi, Beloki frontoiko katedraren pilotaririk gustukoenetakoa da, arratsalde bikainak eskaini izan baititu. Aurrelari trebea eta errematatzaile sutsua, Zizurkilgoak Aaron Arbizu izango du atzealdea zaintzen, profesionaletara jauzi egiteko zurrumurruetan maiz aipatu ohi den atzelari erreferenteetako bat. Nafarrak ere ezagun du Belokiko kantxa, gainera, azken urte honetan hobekuntza nabarmena erakutsi du eskuinkada ikusgarriak astinduz.

Partidak hautsak harrotuko ditu, Etxarri Aranaztarren arteko derbia izango baita, Josu Igoa ere bertakoa denez. Oberena taldekoa udan sekulako ikuskizuna eskainiz Antiguako txapela janztetik dator, eta atzealdean Javier Cuairanen sasoia izango du lagun, Cortes del Errekako atzelaria, 23 urtez azpiko Espainiako txapelduna da eta Laudion jokatzen den Euskadiko Federazioko Elite mailakoa ere berak irabazi zuen.

Jaialdia 18.30ean hasiko da eta, aurrena, Belokiko pilota eskolako gaztetxoek jokatuko dute partida; eginahal guztiak egingo dituzte zalantzarik gabe, Goñiren Omenezkoa bezalako erakusleiho ederrean. Gainera, lau neska izango dira lehian, Telleria-Arroyo eta Cruz-Etxezarreta.