DONOSTIA - Erik Jakak Baiko enpresarekin jokatuko du maiatzaren 1etik aurrera. Lizartzako aurrelariak Asperekin zuen kontratua eten eta enpresaz aldatzea erabaki du pasa den larunbatean Eskuz Binakako finalerdietatik kanpo geratu ondoren. Honela, Jakak 2024ko abenduaren 31era arte sinatu du kontratu berria Baikorekin eta apirilaren 24an jokatuko du bere azken partida Asperekin Logroñon.

"Pozik nago. Erronka berri bat hasten dut nire kirol ibilbidean", aitortu du Lizartzako aurrelariak Baikok zabaldutako bideo batean. Besteak beste, Aspen zortzi urte "oso polit" eman dituela gogoratu du eta azken urteetan emandako kirol maila "mantentzea edo hobetzea" espero du Jakak aurrerantzean datozen jaialdi eta txapelketetan.