- Antiguako Pilota Txapelketa aste honetan ebatziko da; finalerdiak jokatuko dira aurrena, eta finala datorren larunbatean (11.00etan). Donostiako Antigua auzoko txapeldun-gaiak biharko eta asteazkeneko partidetatik irtengo dira.

Asteko lehen jardunaldian, 18.30etik aurrera, emakumezkoen txapelketan Olatz Arrizabalaga bizkaitarra Olatz Ruiz de Larramendi nafarrarekin lehiatuko da. Etorkizuneko promesen kategorian, De la Fuente-Prieto bikotea Olaetxea-Lizeagaren aurka arituko da. Aingeru de la Fuente txapeldunorde izan zen aurreko edizioan, eta bere bigarren finalera iristen saiatuko da.

Azkenik, elite kategorian, Elola-Sarasa eta Mata-Elizegi bikoteen artetik irtengo da lehen finalista. Elolak eta Sarasak jokatutako bi partidak irabazi dituzte I. taldean; Matak eta Elizegik, berriz, garaipen eta porrot bana izan dituzte II. taldean.

Asteazkenean, ordu berean, arratsaldeko 18.30ean, jardunaldiari hasiera emateko partidan nor baino nor gehiago jardungo dute gaur egungo txapeldunak, Miren Larrarte bidaniarrak eta Amaia Aldai bizkaitarrak.

Promesen kategorian, II. taldeko lider diren Unai Alberdi eta Beñat Santamariak, I. taldeko bigarren diren Fernández-Apezetxearen aurka jokatuko dute.

Elite kategorian, berriz, II. taldeko lehen sailkatuak, Julen Alberdi zizurkildarra eta Sarasa nafarra, Espinal eta Andoni Gaskue nafarrekin lehiatuko dira; azken hau, aurreko edizioko txapeldun izan zen promesa kategorian.

Txapeldunak larunbatean erabakiko dira 11.00etatik jokatuko diren finaletan.