- Ipuruan talde armaginak baduela "aukerarik" Mallorcaren aurka argi utzi du Gaizka Garitano entrenatzaileak. Eibarrek Errege Kopako kanporaketa gainditu nahi du Lehen Mailako talde baten aurka. "Jakin badakigu beraiek hobeak direla eta Lehen Mailako taldea direla, baina nik uste dut guztion artean partida aurrera atera genezakela, zergatik ez?", adierazi zuen Garitanok, gaur 16.00etatik aurrera Eibarko futbol-zelaian jokatuko den partidaren aurreko pren-tsaurrekoan, Errege bezpera izanik batere ohikoa ez den ordutegian.

Entrenatzaile bizkaitarrak "oso partida polita" espero du, eta Ipuruan "ezustekoa" emateko aukerarik izango dutela uste du, gauzak "ondo" eginez gero, Eibar Mallorcari irabazteko gai izango baita.

Balearretako taldeari dagokionez, garbi azaldu zuen ez dela Kopan jokatzeagatik "samurrago" etorriko den Lehen Mailako ohiko taldea, apur bat "despistatuta" etor litekeen horietakoa. "Mallorca ez da profil horretako taldea, Bigarren Mailatik baitator eta oso ondo dakielako lehiakorra izaten. Denboraldi-aurrean lagunartekoa jokatu genuen beraien aurka, eta gainetik pasa gintuzten", gogora ekarri zuen Derioko entrenatzaileak.

Hamaikakoan aldaketak egingo dituela ere aurreratu zuen Garitanok, astebetean hiru partida jokatu behar dituztelako, hainbat covid kasu dituztelako, eta gaixo egon diren edo duela oso gutxi koronabirusetik sendatu diren jokalariak ere badaudelako. "Partida honetarako baldintzak bereziak dira, baina talde ona osatu eta lehiakorrak izaten saiatuko gara", azaldu zuen.

Denboraldi honetan Mallorca Lehen Mailan "oso ondo" ikusten duela adierazi zuen, talde guztiekin "aurrez-aurre" lehiatzen delako, eta maila gorenean "mantenduko dela" uste omen du. "Lehiakorrak dira, aurkaria estu hartzeko gauza, Bigarren Mailatik datorren taldea da eta antzeman egiten zaie. Oinarri sendoa dute, joka-tzeko modu bat, sarritan Bigarren Mailako futboletik oso urrun ez dagoena," zehaztu zuen armaginen teknikariak.

Hala ere, bere helburu printzipala Liga dela onartu zuen, eta Oviedoren aurkako partidari "begira" egongo direla nolabait. "Kopa oso garrantzi-tsua da, baina klub hau Ligatik bizi da", zehaztu zuen.

Gaizka Garitanok adierazi zuenez, covidarekin kutsatutako jokalari batzuk sendatu omen dira, eta gaur jokatuko den Kopako partidan minutu batzuk jokatzeko aukera izatea espero du. Deriokoak garbi adierazi zuen arazo hori talde guztiek jasan dutela, eta "gerra" balitz bezala aurre egin behar zaiola: "Talde bakoitzak bere aukerak baliatu eta ahalik eta ondoen kudeatu behar ditu, ahalik eta etekinik handiena ateratzeko".

"Oso partida polita espero dut, eta Ipuruan beti izaten dugu ezustea emateko aukera gehiago"

Eibarreko entrenatzailea