- Hamahiru hautagai lehiatuko dira gaur arratsaldean Zestoako kiroldegian nor baino nor gehiago, datorren azaroaren 21ean Bilbao Arenan jokatuko den Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalerako txartela lortzeko. Bigarren urtez, Euskal Herriko espezialista onenak biltzen dituen txapelketa ez du Euskal Federazioak antolatuko, kirolariek eurek baizik.

Iker Vicente -2019ko eta 2020ko txapelduna-, Aitzol Atutxa -euskal Herriko bost txapel dituena-, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Jon Irazu eta Julen Alberdi berriro ere finalera iristen ahaleginduko dira. Hautagaien zerrenda osatzeko, Jon Rekondo, Ugaitz Mugerza, Jexux Mujika, Julen Larrea eta Arkaitz Jauregi daude, eta azkenik, baita Araian sailkatutako biak ere: 2011ean eta 2013an txapeldun izandako Iñaki Azurmendi, eta Eloy Corchero.

Parte-hartzaileek bi kanaerdiko (39,8 zentimetroko diametroa duten bi enbor), 60 hazbeteko bi enbor (44,3) eta bi oinbiko (53,1) moztu beharko dituzte.

Zestoan bertan erabakiko da emakumezkoen txapelketako finala ere, denbora onena egiten duten hiru aizkolariek jokatuko baitute. Lehian izango diren Karmele Gisasolak, Garazi Arrutik eta Uxue Ansorregik, orain aste batzuk Araian Maika Ariztegik (9:08) eta Beatriz Tancok (15:00) ezarritako erreferentziak kontuan izan beharko dituzte. Parte-hartzaileek 36 hazbeteko lau enbor moztuko dituzte.

Bestalde, aizkolarien Izar Berriak txapelketa Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko da astelehenean (12.30ean, ETB1en). Bikote hauek hartuko dute parte: Txomin Amundarain-Ibai Soroa, Joxean Etxeberria-Axel Larrañaga, Hodei Ezpeleta-Izeta VI, Oier eta Xuban Kañamares, Suharri Rodriguez-Jokin Urretabizkaia, eta Julen Olano eta Julen Gabirondok osatutakoa.

Jaialdi berean emakumezkoen trontza txapelketa antolatu dute, bai eta harri-jasotzaileentzako binakako txapelketa bat ere, Mikel Lopetegi, Beñat Telleria, Iñigo Eizagirre eta Hodei Iruretagoiena -Izeta IV- lehiatuko direlarik.

Hiru egun. Bart jokatu zen kintopeko idientzako Aiako Txapelketaren lehen jardunaldia, Iruña Erretegia, La Kruz eta Bizkiak taldeen partaidetzarekin. Herriko probalekuan jokatuko da gaur bertan, 21.00etan hasita, bigarren jardunaldia, Garagartza Elkartearen, Hernaniko Intxaurbururen eta Olatzar Eraikuntzen idi-pareekin. Hirugarren eta azken hitzordua astearterako ipini dute, orduan ere 21.00etan, Lopategi, Txinlo eta Olidenen idiak lehiatuko direlarik.