- E. Remonte Iruña SL enpresa berriko eta Zestoako Udaleko hainbat ordezkarik 2021eko Martiko Sari Nagusiaren Banakako Erremonte Txapelketako finalerdiak aurkeztu zituzten atzo, Zestoako kiroldegiko frontoian,

Bi finalerdiak, ostiral honetan, urriaren 15ean, 22.30etik aurrera, eta hurrengo egunean, urriaren 16an, larunbatez, 19.00etatik aurrera jokatuko dira. Ostiralean Xanti Uterga eta Ezkurra II.a erremontista nafarrek neurtuko dituzte indarrak, eta larunbatean bi gipuzkoarrek, Zeberio II.ak eta Ionek; finalerdi horietatik irtengo dira finalerako protagonistak.

Urriaren 22an, ostiralez, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den Banakako Erremonte Txapelketa-2021 Martiko Sari Nagusiaren finala hiruko formatuan jokatuko da aurten ere. Final handi horretan iazko Gabonetako Banakako txapelduna, Azpiroz, eta asteburu honetan Zestoan jokatuko diren finalerdietako bi irabazleak izango dira aurrez aurre.

Atzoko aurkezpen ekitaldian Mikel Arregi Zestoako alkatea eta Josemi Leache E. Remonte Iruña SLren bazkide sortzailea izan ziren. Eurekin batera, finalerdietan parte hartuko duten Zeberio II.a eta Ion erremontistak ere bertan izan ziren.

Irailaren 17an abiatu zen Hondarribiko Grand Slamaren azken jardunaldia bihar izango da, 20.00etan Jostaldi pilotalekuan. Jaialdia, grabatu eta 22.00etatik aurrera eskainiko du ETB1ek, Goitia-Del Rio eta Basterra-Zabala bikoteen arteko partidarekin hasiko delarik. Grand Slam honetan parte hartu duten izen handiko bi atzelari eta bi aurrelari gazte arituko dira nor baino nor. Ondoren jokatuko da final handia, Arbe-López eta Erkiaga-Etchetoren artean.

Arbe-Lopez porrotarekin estreinatu ziren txapelketa honetan, baina bigarren jardunaldian irabazi eta finalerdirako sailkatzea lortu zuten. Bertan Goikoetxea-Aimar izan zituzten arerio, aurreko bi partidak irabazita faboritotzat jo zitezkeenak. Beste bikote finalista Erkiagak eta Etchetok osatutakoa da, eta hauek ere galtzaile izan ziren ligaxkako lehen jardunaldian. Hirugarren partidan Olharan-Del Rio bikotearen aurka jokatu behar izan zuten finalerdietarako txartela jokoan zela. Eta orduan bai, Erkiaga zein Etcheto oso fin ibili ziren, 15-12 eta 15-9ko emaitzarekin nagusitzea lortuz.