Azpeitian Euskal Herriko binakako lehen txapelketa

AIZKORA Sherpa-aik antolatutako txapelketa Izarraitz pilotalekuan jokatuko da, eta gizonezko zein emakumezko aizkolari onenak bertan izango dira

07.07.2021 | 01:12
Azpeitiko Udaleko eta antolakuntzako kideak atzo, hainbat aizkolarirekin batera.

Azpeitia – Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko da datorren uztailaren 16an, gaueko 22.00etatik aurrera Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia. Aurkezpena Urola Erdiko herriko Udaletxean egin zuten Karmele Gisasola eta Aitzol Atutxa aizkolariak bertan zirela, baita Xabi Uribe-Etxebarria Sherpa.ai enpresaren sortzailea eta Egoitz Arruti Azpeitiko zinegotzia ere. Euskal Herriko binakako lehen txapelketa izango da eta aurten Sherpai-aik antolatutako lehen lehiaketa, 2020an hasitako bideari jarraipena emanez. Aipatzekoa da, halaber, Urrezko Aizkolariaren azken txapelketan parte hartu ez zuten une honetako aizkolaririk onenak bertan izango direla, bai gizonezkoetan zein emakumezkoetan.

Aizkolariek iaz adierazi bezala, proiektuaren helburuak aizkolari-tza modernizatzea, kirol hau profesionalizatzea eta garai berrietara egokitzea dira. Adierazi zutenez, liga profesionalak dituzten beste kirol batzuen maila berera igo nahi dute, hala nola, futbolaren, pilotaren eta arraunaren mailara. Datorren astean Azpeitian ikusleen aurrean jokatuko den txapelketan, lehen mailako hamar aizkolari arituko dira (Iker Vicente-Azurmendi, Larrañaga-Mujika, Otaño-Ugaitz Muger-tza, Irazu-Rekondo eta Txikia IV-Atutxa II), promozioko zor-tzi (Larrea III-Zelai IV, Jauregi-Eloy Corchero, Julen Kañamares-Pellejero eta Eneko Saralegi-Aratz Mugerza) eta sei emakume (Zelai III-Ansorregi, Tanco-Maika eta Arruti-Julia).

Edizio honek hainbat berrikuntza dakartza, esate baterako binakako eta banakako txapelketak jokatzea, eta proba guztietan emakumearen presentzia egotea. Horrela, binakako txapelketa udazkenean jarraituko duten beste proba batzuen lehen lehiaketa izango da, promozioko eta lehen mailetarako sailkapen jardunalditan. Lehiaketa final handi batekin amaituko da azaroan eta bertan izendatuko da bigarren urtez Sherpa-ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko txapelduna.

Bikoteak kategorien arabera lehiatuko dira, eta txanda libreko modalitatean hainbat enbor-sorta desberdinei aurre egin beharko diete. Promozio mailako bikoteak hasiko dira, lau kanaerdiko, 60''-ko hiru enbor eta bi oinbiko ebakiz. Emakumezkoak lehiatuko dira ondoren lau enborreko lana eginez: bi oinbateko eta 45''-ko beste bi enbor. Eta binakako txapelketa lehen mailako aizkolariekin amaituko da, hiru diametro desberdineko 18 enborreko lanarekin: zortzi kanaerdiko, 60''-ko sei enbor eta lau oinbiko. Aizkolariek proiektu berrian ezarritako helburuetako bat txapelketetan emakumeen presentzia indartzea eta modalitate hori gizonezkoen mailara igotzea izan zen hasiera hasieratik.

Balorazioak Aitzol Atutxak adierazi zuenez, "Aizkolaritza modernizatzeko helburuarekin aurrera jarraitzen dugu. Edizio honetan hainbat lehiaketa ezberdin izango ditugu, binakako lehiaketa honekin hasita. Proba hau, gainera, orain arte proposatutako erronkarik gogorrena ere bada".

Karmele Gisasolaren ustez, ekitaldi hauetan emakumeak egotea oso garrantzitsua da, "emakumeok ere kirol hau praktikatzen dugula erakusten dugulako eta lehen mailako txapelketa handietan presentzia izatea aldarrikatzen dugulako. Ilusio handiz parte hartuko dugu guztiok. Geu ere aizkolaritzaren orainaren eta etorkizunaren parte baikara".

Egoitz Arruti, bestalde, pozik agertu zen hitzordu hau Azpeitian ospatuko delako: "Oso erakargarria zaigu aizkolarien ibilbide berri hau eta Azpeitiko Udalak proiektu horretan parte hartzea. Azpeitian, herri kirolek beti izan dute eta izango dute lekua, eta jendea animatu nahiko nuke txapelketa zuzenean ikustera".

Amaitzeko, Xabi Uribe-Etxebarriak hauxe aipatu zuen: "Aurten ere erronkarekin bat egin dugu, denok bat eginda gure balioak eta kultura babestearen garrantzia erakusten ari baikara. Sherpa.ai enpresan oso pozik gaude kirol honen modernizazio prozesuan bidelagun izatearekin".

noticias de noticiasdegipuzkoa