- Aspalditik berea zuen azken postua atzean uztea lortu zuen Acunsa Gipuzkoa Basketek aurreko igandean Illunben Valencia Basketen aurka (78-60) lortutako ezusteko garaipenarekin. 2021ean dagoeneko lau garaipen eskuratu ditu, eta play-offeko postuetatik hurbil egongo litzateke, denboraldiari hain hasiera kaskarra eman ez balio. Azpimarratzekoa da bestalde, mailari eusteko gainerako lehiakideak baino emaitza hobeak eskuratzen ari dela bolada honetan talde donostiarra.

Marcelo Nicolaren taldeak izugarrizko meritua du, aurtengo partiden ia erdiak irabazi dituelako, eta ez nolanahiko arerioen kontra; izan ere, lehen zortzi postuetan sailkatutako lau talderekin jokatu baitu, Barcelona, Tenerife, Valencia eta Joventuten aurka, azken hiruren aurka garaipena lortuz.

Mailari eusteko lehiakideek ez dute 2021ean halako emaitzarik eskuratu, Betisek eta Obradoirok garaipen bakarra lortu dute, Bilbao Basketek hiru, eta Estudiantesek eta Fuenlabradak bina.

Tamalez, ACB ligan jarraitzeko borrokan GBCk zuzeneko aurkarien aurrean lortutako emaitzak ez dira nahi bezain onak izan orain arte, eta datu hori oso kontuan hartu beharrekoa da, berdinketarik izanez gero, basket-averagea erabakigarria izan daitekeelako denboraldia amaitzean.

Azken garaipenaren protagonista nagusia Dino Radoncic montenegroarra izan zen, 18 puntu eta 9 errebote eskuratuta 31ko balorazioa jaso baitzuen. Aipa-tzekoa da, gainera, jokalari hau ez dela berez Gipuzkoa Basket taldekoa, Casademont Zaragozak utzita ari baita gipuzkoarrekin jokatzen aurten.

Radoncic etekin polita ari zaio ateratzen Gipuzkoan sortu zaion aukera honi, izan ere, denboraldi honetan taldeko jokalaririk onena izaten ari zen Jaime Echeniquek min hartu zuenetik, bera baita taldeko jokalaririk baloratuena, puntu gehien lortzen dituena eta minutu gehien jokatzen dituena. Beraz, Radoncic onenaren premia izango du taldeak etorkizun hurbilean, besteak beste, datorren igandean, GBCk baino hiru garaipen gehiago eskuratuta sailkapenean 12. den Gran Canaria taldearen etxean jokatu beharko duen partidari begira. Hil ala biziko beste norgehiagoka bat Nicolaren taldearentzat.

Dino Radoncic izan zen Acunsa GBCko jokalaririk onena 31ko balorazioarekin, 18 puntu eta 9 errebote lortuta