- Ilusioa eta animoa berpiztu ditu Acunsa Gipuzkoa Basketeko jokalarien artean Mike Carlsonek azken segundoan urrunetik egindako hiruko jaurtiketari esker ACB Ligako hirugarren sailkatua den Teneriferen aurka lortutako garaipenak. Dino Radoncicen esanetan, ba omen dute konfiantza larunbatean Olinpiar Pabilioian (20.45ean) jokatuko den partidan Joventuti nagusitzeko.

Hori bai, hegalekoak aurkariaren potentziala ere gogora ekarri zuen, lehen itzulian talde kataluniarrak sekulako "jipoia" eman baitzion GBCri Illunben. "30 puntuko aldearekin irabazi ziguten. Taldeak oso gogor jokatzen du, eta jokalari guztiek ondo dakite bakoitzak zein rol bete behar duen. Errege Kopan sar-tzea lortu dute, baina Teneriferen aurkako azken partidan bezala jokatuz gero, aukerak izango ditugu", aitortu zuen Montenegroko jokalariak; eta bide batez, eskerrak eman nahi izan zizkion talde donostiarrari, Zaragoza taldeari lagapena eska-tzeagatik, talde gipuzkoarra hazten jarraitzeko toki bikaina delakoan.

Radoncic, nolanahi ere, igandean "ACB ligan ondoen jokatzen duen taldeetako baten" aurka lortutako garaipen heroikoaz luze mintzatu zen, bere ustez, gipuzkoarrek aukera ederra dutelako partida hari jarraipena eman eta Joventuten kantxan irabazteko.

"Errazagoa irabazten da talde osoak saskiratzen duenean, soilik bospasei jokalarik saskiratzen dutenean baino. Garaipen bikaina izan zen, kontuan izanik, entrenatzailerik gabe (Marcelo Nicola isolatuta dago COVID-19ak kutsatuta dagoelako) eta gure jokalaririk onena gabe (Jaime Echenique pibot kolonbiarra, denboraldi osorako belaunean min hartuta) lortu genuela; eta aurreran-tzean garaipen gehiago etorriko direla esango nuke", azaldu zuen Gipuzkoa Basketeko jokalariak.

Amaitzeko, Mike Carlson fitxaketa berriari buruzko iritzia ere eman nahi izan zuen Radoncicek; jokalaria aspaldidanik da ezagun GBCko zaleentzat, 2016-17 denboraldian Illunben jokatu zuelako, eta Radoncicek eskertu egin zuen Teneriferen aurkako partidan kantxaratu izana, Balkanetako jokalaria bera partida eskasa egiten ari zelako. "Nik hainbat jaurtiketa huts egin nituen, eta berak ordezkatu ninduen; une horretan oso garrantzitsua zen asmatzea, Tenerifek oso goian defendatzen zuelako. Hainbat hiruko sartu zituen eta funtsezkoa izen zen garaipenean", aitortu zuen.

"Aurreko partidan bezala jokatuz gero, irabazteko aukera izango dugu"

GBCren hegalekoa