- Endesa Ligako azkena, Acunsa Gipuzkoa Basket, Valentziara joango da, aurkariak burua Euroligan pentsatzen izango duenaren itxaropenarekin, Valentziarrek asteartean bertan jokatuko baitute Euroligan Baskoniaren aurka. Bestelakoan, logikak Fuente de San Luis-en irabazteko oso aukera gutxi uzten dizkie gipuzkoarrei (18.45ean).

Donostiarrek hobekuntza argia erakutsi dute azken bi jardunaldietan, eta horri esker irabazi zioten luzapenean Morabanc Andorrari; ezin izan zuten, ordea, gauza bera egin Herbalife Gran Canariaren aurka. Hala ere, sailkapenaren zuloan dauden alde txikiak kontuan izanik, edozein kantxatan saiatu behar dute emaitza on bat eskura-tzen.

Txapelketa guztiko talderik eskasena da GBC erasoan, eta datu horiek hobetu beharko ditu Jaume Ponsarnau buru duen taldearen aurka aukerarik izatekotan.

Acunsa oso talde justuarekin dabil lehiatzen, eta partida guztietan sufri-tzea tokatzen zaio aulkian duen gabezia medio. Baditu, ordea, kalitatezko jokalariak ere, Jaime Echenique kolonbiarra kasu, aukera duenean edozein aurkariri arazoak sor diezazkiokeena; batez beste 14ko balorazioa jasotzen du, eta onena izan zen kanariarren aurkako porrotean.

Dino Radoncic montenegroarra ere une gozoan dabil azken partida hauetan, baina Marcelo Nicola entrenatzaileak jokalari gehiagoren laguntza beharko du, bestela, azken bi partida hauetan gertatu bezala, aurkaria 80 puntuz azpitik uztea ez da irabazteko nahikoa izango.

Marcelo Nicola talde donostiarreko entrenatzaileak adierazi zuenez, “taldea aurrera egiteko gogotsu dago, azken partiden ildotik hobetzen jarraitzeko. Kontzentrazioa hobetu behar dugu nabarmen”.

Jaume Ponsarnau Valentzia Basketeko entrenatzaile eta GBCko teknikari ohiak ohartarazi zuenez, Acunsa GBC “galtzekorik ezer ez duen taldea da”.

Jardunaldi honetan Real Madril eta Bartzelonaren arteko norgehiagoka nabarmentzen da. Endesa Ligako hamaseigarren jardunaldiari dagokion partidan, bi taldeok elkarren aurka jokatuko dute gaur, ohiko bihurtu den Gabonetako Klasikoan. Giroa nahikoa nahastuta dago Thomas Heurtelen inguruan sortutako ika-mikaren ondorioz eta fran-tziarrak ez du jokatuko WiZink Centerren (21.30tan).