- Atzo Europako Eskubaloi Federazioak (EHF) Vienako egoitzan egindako zozketaren ostean, emakumezkoen eskubaloiko Europar Ligako hirugarren sailkatze kanporaketan Zvezda talde errusiarraren aurka jokatuko du Super Amara Bera Berak.

Talde gipuzkoarrak azaroaren 14an edo 15ean jokatuko du (donostiarren aurreikuspenen arabera, igandean izango da, 12.10etik aurrera, eta ETBk eskainiko luke zuzenean, EHFk baieztatu behar duen arren), eta talde errusiarrari bisita itzuliko dio hurrengo asteko 22an (partida Errusiako Zvenigoroden jokatuko da).

Irabazleak multzoen faserako txartela lortu du, eta horretarako dagoeneko sailkatuta daude Minaur Baia Mare (Errumania), Lada (Errusia), Herning Ikast (Danimarka) eta Siofok (Hungaria) taldeak.

Ez dira, beraz, Bera Beraren nahiak inolaz ere bete; lehentasunen artean, balizko arerio guztien potentziala kontuan hartuta, bidaia laburra nahi zuten, eta ahal izanez gero, joaneko partida kanpoan. Bistan denez, zozketaren emaitza guztiz kontrakoa izan da.

Super Amararen entrenatzaileak bazekien European Handball Leagueko fase honetan ez zela arerio errazik izango; halere, Errusia baino hurbilagoko aurkaria nahiago zuen. Bere hitzetan, Zvezda "zegoen aurkaririk beldurgarrienetakoa da. Errusiarako bidaia saihestu nahi genuen eta hori ere ezin. Hala ere, zorte txarra izanik ere, Moskutik gertu dagoen hiri batera joango gara, beraz, ibilbidea ez da hain deserosoa izango".

Kirol mailari dagokionez, talde errusiarra "inork nahi ez zuen horietako bat da. Errusiako liga oso indartsua da eta gaur egun laugarren dira, talde handienen atzetik. Nahiko talde gaztea izan arren, baditu eskarmentu handiko eta internazionalak diren lauzpabost jokalari beterano, beraz, erronka latza izango da".

Ermuako entrenatzaileak, halaber, kanporaketa etxean hasteari buruz ere hitz egin zuen: "Joaneko partida etxean izango dugu, eta horrek are gehiago zailtzen du kanporaketa. Orain, ondo presta-tzen saiatu behar dugu, eta haiek zorrotz aztertzen ahalegindu".

Horren harira, Bera Berako zaleek Europa mailako partida eder batekin gozatu ahal izatea espero du Imanolek: "Gascara etorri ahal izango diren ia 400 zaletuek gozatzea nahiko genuke. Europako esperientzia hori topera bizi nahi dugu, eta ea lor-tzen dugun taldekako fasean sar-tzea".

"Aurkari gogorrenetako bat da, gure klubak eta inork nahi ez zuenetakoa"

Super Amararen entrenatzailea