- Larunbatean Al-Qazeresen pistan galdu ostean, IDK Euskotrenek garaipena behar du etxean sailkapeneko putzutik ihes egiteko, gaur arratsaldean Jose Antonio Gasca kiroldegian jokatuko den Araski talde arabarraren aurkako derbian (20.00etan). Azu Muguruzaren neskek garaipenaren bideari heldu nahi diote, eta, horretarako, entrena-tzailearen ustez, oso garrantzitsua izango da "baloi-galerak maizegi gertatzen zaigun arazoa dela kontuan izatea. Gehiago landu behar dugun alorra da, eta erneago ibili behar dugu".

Gaur arratsaldeko partidan zer espero duen galdetuta hauxe esan du entrenatzaile donostiarrak: "Barneko eta kanpo arteko konexioa arinagoa izatea, soilik jokoaren alderdi baten menpe ez egon behar izatea, partidan deskonexiorik ez izatea, kontzentratuta egotea eta defentsan hobetzen jarraitzea".

Estudiantesen aurka galdu berritan datorren Araski izango dute arerio. Aurre-denboraldiko partidek Gascan gaur ikus ahal izango denarekin zerikusirik ba ote duten galdetuta, Muguruzak esan du "aurre-denboraldian ez da inoiz ligan bezala jokatzen, gauza desberdinak lantzen dituzu. Araskirekin jokatzen ditugun derbiak beti izaten dira ikaragarriak, eta datorren hau ere hala moduzkoa izatea espero dut".