- Aurreko bi urteetan Mikel Lopetegi zarauztarra gailendu zen Euskadiko Harri Txikien Txapelketan. Oraingoan, lehiaketa honetan 9 txapela irabazita dituen harri-jasotzailea, Aimar Irigoien, ez du arerio izango.

Lopetegik marka berria ezarri zuen 2018ko bere estreinako garaipenean, 13.512,5 kilo altxatuta. Iaz, 13.337,5 kilo berdindu behar izan zituen irabazteko. Azpimarratzekoa da, Euskadiko Txapelketaz gain, zarauztarrak Gipuzkoako titulua ere eskuratu duela azken bi urteotan. Aurtengo txapela uztailean lortu zuen, gaur lehiatuko ez den Xabat Olaizolari aurrea hartuta.

Urrarekin batera beste sei harri-jasotzaile arituko dira: Gorka Etxeberria, Izeta IV.a, Iraitz Arruti, Jagoba Otaegi, Manex Aburuza eta Josetxo Urrutia; azken hiruak 80 kilotik beherako kategorian.

Etxeberria hirugarren sailkatu zen Gipuzkoako Txapelketan, eta gaur ere podiumera igotzen saiatuko da; baita Hodei Iruretagoiena -Izeta IV- ere.

Euskadiko Harri Handien Txapelketa berriz, abendurako aurreikusita dago. Euskal Herriko Federazioak Lehen Mailako Aizkolarien Euskal Herriko Txapelketaren kanporaketa azaroaren 1ean antolatuko du, eta orain arte kategoria horretan aritu diren aizkolariek euren lehiaketaren final erdia urriaren 25erako ipini dute.