- Erreginaren Kopan parte hartzeko ezinbesteko diren PCR probak gainditu ondoren, Super Amara Bera Bera Malagara bidaiatzeko moduan da. Egungo txapelduna den Kopan bihar bertan izango dute final-laurdenetako partida Elxen aurka. Klubean oso kezkatuta zeuden, izan ere, jokalari edota talde teknikoko inork positibo emanez gero, talde gipuzkoarrak ezin izango baitzuen bidaiatu eta Kopan lehiatu.

Beraz, behin lehen partida hau irabazita, orain Super Amara Bera Bera bere zazpigarren Kopa irabazteko lehiatuko da. Talde donostiarra gauez abaitu da Alhaurin de la Torrera, hantxe jokatuko baita aurreko denboraldiko KO txapelketa.

Malaga aldera abiatu aurretiko egoera berezi horren inguruan, Imanol Alvarez entrenatzailearen hitzak oso argiak izan ziren: "Estresagarria da horrela lehiatzea". "Gogotsu ekingo diogu txapelketari, beti gustuko dugun lehiaketa baita Kopa".

Super Amara zazpigarren Kopa tituluaren bila abiatu da, eta, zortzi final jarraian pilatu dituen taldea da. Aurrekari bikaina Imanol Alvarezen taldearentzat. "Taldea ondo dago, tarteka joko une onak izan ditugu, baina ni zorrotza naiz, eta une on horiek denbora gehiagoz luzatzea gustatuko litzaidake", azaldu du entrenatzaileak.

Donostiako taldea beti da faborito Kopa etxera ekartzeko, eta orain, estatuko emakumezkoen eskubaloian izandako errefortzuak kontuan hartuta, are gehiago: "Gure helburua garbi dago; azken egunera arte iritsi, eta Kopa gurekin ekar-tzea. Lekuren batzuetan irakurri dut ez garela hain faborito, eta, zalantzarik gabe, azken urteetako koparik irekienetakoa da".

Jakina da gainera, oraingo honetan COVID-19ren pandemiak baldintzatzen duela erabat Kopako lehiaketa, parte-hartzaile guztien artean segurtasun-neurriak zorroztera behartuz. "Kezka handiarekin bizi dira une hauek, jokalariei kontuz ibili behar dutela errepikatu besterik ez dugu egiten, baina edonola kutsatu zaitezke", ohartarazi du entrenatzaile ermuarrak, eskubaloiak gaur egun bizi duen egoera deitoratuz: "Positibo emanez gero, ez zoaz Kopara... Ulertzen dut beste modurik ez dagoela, baina apur bat estresagarria da, etxean gera-tzeko arriskua dagoelako ".

Super Amara Bera Beraren lehen aurkaria Elx izango da. "Jokalari erreferenteak galdu ditu, baina proiekzioa duen jende gaztea ere fitxatu du" dio Imanolek, eta Joaquin Rocamora bere lankideari gorazarre egin dio: "Bere taldeak oso ondo prestatzen ditu, eta seguru, tranpak ere jarriko dizkigu. Gainditzen saiatu beharko dugu".

Inolaz ere, Bera Berako jokalariek ez dute biharko final-laurdenetako partidatik harago begiratu nahi: "Lehen norgehiagoka daukagu buruan, eta oso zaila izango da, ez bakarrik aurkariagatik. Lan handia egin beharko dugu haiek gaindi-tzeko".

"Gogotsu ekingo diogu txapelketari, beti gustuko dugun lehiaketa baita Kopa"

Bera Berako entrenatzailea