- Joan den larunbatean Aiako igoeran, Euskadiko Mendi Igoera Txapelketaren estreinaldian, Joseba Iraola, monoplaza-eserleku bakarreko kategorian, eta Jose Antonio Fombona, turismoetan, izan ziren azkarrenak.

Iraolak garaipen honekin estreinatu zuen bere Norma NP-01 berria. Jaizkibel automobil-taldeko pilotuak markatu ditu beti denborarik onenak, eta lehen igoera ofizialean minutu bat, 44 segundo eta 827 milareneko denbora egin du, batez beste 129 kilometro orduko abiaduran.

Bigarren postua Aitor Zabaleta bergararrarentzat izan zen, 1:49.245ko denbora egin baitzuen lehen igoera ofizialean.

Hirugarren postua Garikoitz Floresentzat izan zen; Talex M3 bat gidatu zuen eta CM-en artean bera izan zen lehena.

Turismoen kategorian, garailea José Antonio López Fombona izan zen, bere Lamborghini Huracána gidatuz 1:58.051 denbora egin bai-tzuen. Pilotu asturiar beteranoa bederatzigarren izan zen sailkapen orokorrean, eta zenbait CM ibilgailuri ere nagusitu zitzaion.

Bruno Scherer (Porsche 911 GT3) izan zen bigarren 2:01.561eko denborarekin, eta Eule Olabarri hirugarren, BRC R15 batekin.

50 pilotutik gora iritsi ziren helmugara, eta abandonuak 7 baino ez. Aurtengo proba pixka bat laburragoa izan zen, koronabirusaren aurkako protokoloa dela eta, jendeari itxitako esparru batean ezarri behar izan baitzen gidarientzako eta autoentzako laguntza-eremua. Lasterketa erabat lehorrean jokatu zen eta ikusleek lau txandak osotasunean gozatu ahal izan zituzten (entrenamendu libreak, ofizialak eta bi igoerak).

Maila guztietako irabazleak hauek izan ziren: Joseba Iñarrea 1. mailan Citroën Saxo batekin; Eneriz Besga 2. mailan Citroën Saxo Gr.A batekin; Xabier Aguirre 3. mailan Renault Clio Sport batekin; Lucas Scherer 4. mailan Clio Cup batekin, Euke Olabarri 5. mailan BRC R15 batekin; José Antonio López Fombona 6. mailan; Garikoitz Flores 7. mailan; Joseba Iraola 8. mailan; Andoni Urdanoz 9. mailan Fiat 131 Abarth batekin, eta Jon Etxeberria 10. mailan bere Mi-tsubishi EVO VI-arekin. Junior mailan Xabier Otaegi izan zen garailea Citroën Saxo batekin.