- Arrauna ere egokitu da COVID-19ren pandemiak eragindako egoera berrira. Bi hilabete luze jardun dute arraunlariek etxean banakako entrenamenduak eginaz, ergometroak eta beste zenbait materialekin lagunduta. Hemendik aurrera Eusko Label Ligako taldeek badute baimena taldekako entrenamenduekin hasteko; traineruak uretara sartzeko ekainaren 8ra arte itxaron beharko dute, ordea.

Aste honetan, zenbait tripulaziok, esate baterako Hondarribiko gizonezkoek zein emakumezkoek, testak egin dituzte arraunlariak koronabirusarekin kutsatuta dauden edota gaixotasun hori pairatu duten jakiteko. Beste zenbaitek, Oriok adibidez, bihar pasako dituzte serologia probak, eta zuzenean hasiko dira taldekako entrenamenduak. Beraz, TKEko klubak aste honetan hasiko dira taldeko saioak.

Gogoan izan behar da bihar bertan egingo dela TKEren batzarra, eta okerrik ezean, hantxe finkatuko da aurtengo denboraldiko egutegia.

Tartean, Coruñako bandera ere jokatuko da, bertan behera geratu dena Galiziako Traineru Ligako bandera baita.

Orio Arraun Elkartearen kasuan, larunbatean saio bikoitza izango dute. Lehenik eta behin, 85 test serologiko egingo ditu klubak 8.00etatik 9.30era. “Proba egingo dutenen artean, uda honetan harreman estua izango duten guztiak egongo dira: Orioko senior mailako hiru ontzietako arraunlariak, laguntzaileak eta zuzendari-tza taldeko kide guztiak. Denei egingo zaizkie azterketa serologikoak segurtasuna eta osasun arauak bermatzeko”, adierazi dute oriotarrek ohar batean.

Eta, jarraian, taldean entrenatzen hasiko dira: “Behin serologia-probak amaitutakoan, 9.30etik eguerdira bitartean, taldekako lehen entrenamendua egingo dute arraunlariek. Lehen saio honetan osasun-krisi honen egoerara egokitutako ariketak egingo dituzte”.

Beste taldeak ere lanean ari dira egun hauetan maila on batera iristeko.

Bestalde, Oriok jakinarazi du Leandro Salvagno arraunlaria Munduko Arraun Federazioak ez zuela azkenean zigortu bere herrialdeko tripulazioko kide batek dopingen aurkako kontrol batean positibo eman zuelakoan. “Iaz urrezko domina lortu zuen lauko banku mugikorrean Panamerikar Jokoetan Uruguairen izenean. Ondoren, domina kendu zieten arraunlarietako baten ustezko positiboa eman zuelako. Auzia aste honetan argitu da. Akats administratibo bat medio, Federazioak arraunlaria ez zigortzea erabaki du”, iragarri zuen atzo Orioko klubak.