- Barbara Latorrek sartutako gol batek eman zion talde txuri-urdinari Athleticen aurkako euskal derbia historian hirrugarren aldiz -bigarrena Zubietan- . Natalia Arroyoren neskek gola sartzeko aukera ugari izan arren, Aragoikoak bakarrik lortu zuen bizkaitarren atezaina gainditzea.

Une honetan Athleticek baino hamabi puntu gehiago dituen talde gipuzkoarra nagusi izan zen partidaren hasiera-hasieratik, eta lehen minutu horietan Nerea Eizagirreren jaurtiketa batek zutoina jo zuen, lehen gola ekar zezakeen jokaldian.

Athleticek, indarberritu eta baloia kontrolpean hartu zuen, baina ezin txuri-urdinen defentsa gainditu, eta atsedenaldira golik sartu gabe joan ziren talde biak.

Bigarren zatiaren hasieran partidaren nagusitasuna berreskuratu zuen Realak, eta Nerea Eizagirre berriro ahalegindu zen langaren ondotik ihes egin zuen jaurtiketa batekin.

Handik aurrera, bi taldeen etengabeko joan-etorri bihurtu zen partida. Korner berri batean etxekoak gola sartzeko zorian izan ziren, eta jarraian talde gipuzkoarrak bi aukera on kateatu zituen, Nahikariren jaurtiketa zutoinaren ondotik joan zen aurrena, eta areara egindako pase dotorera iristear izan zen aurrelaria ondoren. Athleticek ere arriskurik sortu zuen, ordea, batez ere kontraerasoan.

Jokaldi erabakigarria 65 minutuak pasatxo zirenean iritsi zen. Korner batean, Barbara Latorreren burukada bikainak partidako gol bakarra ekarri zuen.

Reala ez zen gol bakarrez irabaztearekin konformatu eta kontrako areara begira jarraitu zuen. Eizagirre berriro saiatu zen area ertzetik egindako jaurtiketa batekin, eta baloia poliki-poliki heldu zen zutoinaren ondora.

Azken minutuetan talde txuri-urdina aurkaria baino gehiago izan arren, Athleticek ere aukerarik izan zuen, eta berdintzeko zorian egon ziren langan jo zuen jaurtiketa bati esker. Inolaz ere, talde txuri-urdinak ez zuen amore eman eta bere bigarren gola lortzeko aukerak izan zituen partidaren azken txanpan.

Realak Athleticen aurka lortutako azken garaipena 2017ko apirilaren 30ean izan zen; orduan Reala 2-0 nagusitu zen Zubietan, Itxaso eta Nahikari Garcia golegile zirela.

Emaitza honi esker Reala indarberrituta izango da, igande honetan Real Madrilen aurka jokatu beharko duen partidari begira, berriz ere Zubietan (11.00etan). Talde madrildarrak txuri-urdinek baino sei puntu gehiago ditu, partida bat gutxiago jokatuta.

Garaipen honi esker, talde txuri-urdinak hamabi puntuko aldea ateratzen die zuri-gorriei sailkapen nagusian

Nerea Eizagirreren bi jaurtiketa Athleticen zutoinen kontra joan ziren eta Realak gol bakarra sartu zuen

REAL Adriana Nanclares, Tejada, Lucia, Itxaso (Maitane, 65. min), Franssi (Kiana Palacios, 65. min), Nuria Rábano, Nuria Mendoza, Gemma, Nerea Eizagirre (Amaiur, 85. min), Barbara Latorre, Nahikari.

ATHLETIC Andrea de La Nava, Oihane, Moraza (Monente, 79. min), Garazi, Valdezate, Maria Diaz (Nevado, 73. min), Y. Corres, Jone Ibañez (Unzue, 60. min), Eunate, Istillart eta Lucia Garcia.

Gola 1-0, 67. min: Barbara.

Epailea Sara Fernández Ceferino. Txartel horiak: Realeko Amaiurri, eta bisitarien aldetik Sophie Istillarti eta Garazi Muruari.

Jazoerak Zubietan ateak itxita jokatutako partida.