- Osasuna hartuko du datorren igandean Eibarrek Ipuruan, hain zuzen ere, bi taldeek Lehen Mailan izan dituzten elkarren aurkako lau norgehiagoketan garaitzeko gai izan ez den taldea.

Bi taldeek helburu berbera dute denboraldiari begira, mailari eutsi eta estatuko futbolaren gorenean jarrai-tzea. Osasunak neurria hartua die armaginei, ordea, eta orain arte Lehen Mailan jokatu dituzten lau partidetan nafarrek bi aldiz garaitu dituzte gipuzkoarrak, eta beste bi partidak berdinketarekin amaitu dira.

Azken partida aurtengo otsailean jokatu zuten, 2019-20 denboraldiari zegokion, eta Osasunak hiru puntuak eskuratu zituen Ipuruan Eibarri 0-2 irabazita. Sadarren jokatutako joaneko partidan Osasunak eta Eibarrek hutsean berdindu zuten.

Bi talde hauek Bigarren Mailan jokatu zutenean ere, emaitzak ez ziren batere Eibarren aldekoak izan; hamar norgehiagoketan armaginek bakarra irabazi zuten, bost berdinketa lortu zituzten eta lau porrot jaso.

Jose Luis Mendilibar Eibarreko entrenatzaileak, beraz, azken urteotan Eibarren borrero bilakatu den Jagoba Arrasateren taldea lehen aldiz mendean hartzeko erronka zaila du aurrean. Partida behar bezala prestatzeko, eibartarrek atzo hasi zituzten aste honetako entrenamenduak eta larunbat goizera arte luzatuko dituzte Atxabalpen, ostegunean izan ezik, egun horretan atseden eguna baitute.

Jokalari gehienak zelairatzeko moduan izango ditu Mendilibarrek, zalantzan dauden bakarrak Recio eta Bigas dira, datozen egunetan izango duten bilakaeraren zain. Sergi Enrich ere lesionatuta zegoen, baina Real Unionen aurkako lagunartekoa jokatu zuen asteburuan eta nahikoa osatuta dagoela dirudi. Gainera, Zaldibarko entrenatzaileak Marko Dmtrovic, Damian Kadzior eta Bryan Gil jokalariak ere eskura izango ditu, Serbiako, Poloniako eta Espainiako 21 urtez azpiko selekzioekin jokatu ostean.

Baja seguru aldiz, Pape Diop erdilari frantziar-senegaldarra izango da, denboraldi honetan bigarren aldiz kanporatu baitzuten, Valladoliden Eibarrek jokatutako azken partida ofizialean; epaileak txartel gorria erakutsi zion, eta Lehiaketa Batzordeak partida batekin zigortu du.