- Super Amara Bera Berak maiatzaren 21etik 23ra bitartean Granadako Telde herrian jokatuko den Kopan parte- hartzea baloratu nahi izan zuen Imanol Alvarezek atzo. Txapelketa horri "Ligako partida bat jokatzeko bidaia bat izango balitz bezala" aurre egin nahi dio, dagoeneko matematikoki irabazita daukan txapelketa horretan daraman bolada bikaina azpimarratuz.

"Kopa berezia da beti, oso gustuko dugu eta oroitzapen ederrak dakarkigu", esan bezain pronto ohartarazi zuen "Alhaurin de la Torren argi ikusi zen partida bakarrera gal genezakeela". "Orduan konturatzen zara talde honek zeinen lan bikaina egin duen Kopako aurreko zortzi finaletara heltzeko", adierazi du talde donostiarreko entrenatzaileak.

Imanol Alvarezek onartu duenez, "Arantzatxoa sartuta baino, orduan ikasitakoa jakinda goaz, eta orain hobeto gaudenaz konbentzituta".

Bera Berak Malaga izango du aurkari final laurdenetako partidan bihar (16.00etan, Teledeporten). "Ez da erraza izango. Hiru txapelketa irabazi ditu, agian Liga pittin bat baztertu egin dute beste fronte batzuk bazituztelako; baina partida polita izango da, Malagak horrelako partidetan hazten diren jokalariak dituelako, eta neurketa zaila izango da bi taldeentzat". Bere taldeari dagokionez, "oso kontzentratuta egotearen abantaila badugu, eta ondo jokatuko dugu inolako zalan-tzarik gabe. Momentu onean gaude, konfiantzarekin goaz eta aprobetxatu egin nahi dugu", adierazi zuen entrenatzaile ermuarrak.

Zentzu horretan, Kopa "ikuspegi psikologikotik eta mentaletik ere lehiaketa zorrotza" dela gaineratu zuen, eta "faboritoen etiketak" ez diela eragiten, "Malaga ere berdin izan daitekeelako faborito". Ildo horri jarraiki argitu zuen: "Ez dut presio hori kutsu negatiboarekin sentitu, erantzukizun handiagoa dakarrela uste baitut. Berdintasun handia dago eta edonork irabaz dezake", esan zuen gero. "Faborito garenok final-laurdenetan kanporatu gintuzten Alhaurin de la Torren", ekarri du gogora, iazko kopa aipatuz.

Taldeak gaur hartuko du hegazkina Hondarribian, Madrilen geldialdia egin eta Kanaria Handira joateko.