- Denboraldiak, berez, aurreko asteburuan amaitu behar zuen, Alberician Liberbank Cantabria Sinfinen aurkako partidarekin; baina koronabirusaren krisiaren ondorioz, Bidasoa-Irunek Orlen Wisäaren aurka jokatu zuen partida itzelarekin amaitu ziren aurtengoak Artalekun, Madrileko Kopara joan aurretik.

Bidasoak ligako hirugarren postua eskuratu zuen hamabosgarren jardunaldian, Liberbank Cantabria Sinfin taldeari irabazi eta BM Logroño La Riojak bere partida galduta. Garaipen horrek ez zuen in extremis Asobal Kopara joateko bakarrik balio izan.

Espainiako Eskubaloi Federazioak hartutako erabakiaren ondorioz, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, Europan jokatzeko txartelak banatzeko lehen itzulia hartu dute kontuan; beraz, Bidasoa-Irun Europara itzuliko da, zehazki, EHF European League txapelketara.

Etenaldia etorri zenean ligako hamaika partida falta ziren, hain zuzen ere Helvetia Anaitasunaren aurkako derbia jokatzekoak ziren, eta ordurako Jacobo Cuetararen taldeak 27 puntu zituen. Otsailaren amaierara arte Asobal Liga Champions League-arekin uztartu behar izan arren, taldeak aurreko denboraldiko 19. jardunaldia baino bi puntu gehiago zituen. Iaz irundarrek sekulako esprinta egin zuten azken partidetan txapeldunorde izateko.

Partidako 25,1 gol jasota, guztira 478, talde gipuzkoarra izan da denboraldi honetan gol gutxien jaso dituen bigarren taldea; Barçak bakarrik hobetu du marka hori (472 gol, 24,8 neurketa bakoi-tzeko). Zazpi partidatan 25 gol horiek edo gutxiago jaso zituen, eta beste bitan aurkaria ez zen 20 gol sartzera ere iritsi (BM Benidorm eta Viveros Herol BM Nava 18an geratu ziren).

Aurreko denboraldian bezalaxe, zelaiko jokalari guztiek sartu dute golen bat ligan. 18 partidatan 82 gol egin dituen Rodrigo Salinasekin hasi, eta, oraingoz bere gol bakarra Palau blaugranan sartu zuen Gorka Nieto debutariraino, talde irundarra seigarren goleatzaile onena izan da 523 sartuta (27,53 partidako). Hain zuzen ere hamabosgarren jardunaldiko Liberbank Cantabria Sinfin taldearen aurkako neurketan sartu zituzten irundarrek golik gehien (35), eta partida horrexek ziurtatu zien Asobal Koparako sailkapena.

Aurtengo 19 partidekin 640 jokatu ditu guztira CD Bidasoak Asobal Ligan egon den 22 denboralditan. Asobal ligaren sortzaileetakoa ere bada talde irundarra, eta jardunean daudenen artean eskubaloiaren elitean denboraldi gehien dituen laugarren taldea da, FC Bartzelonaren eta Fraikin BM Granollersen atzetik (biek 30na denboraldi), eta Leongo Ademarrek (26). Puntuazio historikoaren sailkapenean, berriz, aipatutako hiru talde horiez gain, desagertutako BM Valladolid (24 denboraldi, 701 partida, 811 puntu), BM Ciudad Real (19 denboraldi, 560 norgehiagoka, 774 puntu) eta San Antonio (20 denboraldi, 602 neurketa eta 773 puntu) aurretik ditu 663 pilatzen dituen talde horiak.

Lehen itzuliko azken txanpan txartela lortuta, asteburu horretan bertan bidaiatu zuen Bidasoa-Irunek, 200 zale lagun zituela, Valladolidera. Hantxe jokatu zen Asobal Kopa, eta baita Euskal Ligako taldeak borrokatu zuen Minikopa ere. Luzapena behar izan zuen partida gogorrean, irundarrek etxeko taldea makurrarazi zuten (33-30); finalean berriro ere Bartzelona aurkari, eta kataluniarrak izan ziren nagusi (22-30).

Iazko Asobal Ligako bigarren postuari esker Bidasoak lortuta zeukan Errege Koparako txartela. Madrilen jokatu zen, osasun krisiaren ondorioz, kirol-lehiaketa guztiak bertan behera geratu aurretik. Martxoko lehen asteburuko lehia hura hasi bezain pronto amaitu zen Irungo taldearentzat, ostiral goizean bertan, final-laurdenetako egunean, BM Benidorm taldearen aurka galdu baitzuen. Aste batzuk lehenago ere bolada onean zirela erakutsi zuten Artalekutik puntu bat eramanda. Madrilgo Kutxa Magikoan emaitza 26-29koa izan zen, eta bidasotarrak, nahi baino lehenago, lehiaketatik kanpo gertu ziren, gero txapeldunorde izango zenaren aurkako partidan.

2018-19 denboraldiko bigarren itzulian "sarrerak agortuta" kartela ipini behar izan zuten Irungo leihatiletan sei aldiz. Hilabete haietan bazkide berri ugari egin ziren, eta, hamarkada luzea pasa ostean, Europan joka-tzeko aukera berreskuratzearekin batera, bazkide berriak egiteko itxaron-zerrenda zabaldu behar izan da. Taldeak 1.484 bazkide ditu, eta Europako lehiaketek eskatutako edukiera-baldintzekin 1.943 lagunentzako beste lekurik ez dago Artalekun.

Aurtengo Champions Leagueko multzoen fasean, porrota ezagutu gabeko Championseko boladarik onena gainditu da (lau neurketa, 1995/1/18-1995/15/2an, eta 1996/1/16-1996/2/14 artean): ligaxkako lehen hamar partidetatik bederatzi, eta 1996ko finaleko itzuliko berdinketa gehituz gero, hamar partida guztira. Gainera, bolada honetan beste bi marka ere hautsi dira: Bidasotarren historian Championseko garaipenik zabalena (39-23 IK Savehofi; 27-16koa zen, ABC Bragaren aurka, 1996-1-24an); eta, partida horretan bertan, Europako txapelketetan golik gehien sartutako partida (38koa zen Polva Servitiren kontra, 2006-12-9an).

1996az geroztik ukitu gabeko Champions Leaguera itzultzearekin batera, 100. partida europarra ere etorri zen. Lisboan izan zen, eta taldearen ia 200 zaleren aurrean; Cuétararen taldeak berdinketa lortu zuen C multzoko aurkaririk gogorrenetako baten aurka, Sporting CP. Guztira 108 partidako ibilbide europarrean, CD Bidasoak 44 norgehiagoka jokatu ditu txapelketa printzipalean, 29 garaipen, sei berdinketa eta bederatzi porroteko balantzearekin. C multzoko lidergoa lortu duen denboraldi honetako balantzea berriz hau izan da: zortzi garaipen, bi berdinketa eta bi porrot; aldeko 346 gol (28,8 partidako), eta kontrako 297 (24,75).

Irundar eta gipuzkoar askok ondo gogoan zuten amaitzear dagoen denboraldi hau beste arrazoi bategatik ere; izan ere, joan den apirilaren 22an bete bai-tziren 25 urte, Elgorriaga Bidasoak Irun Europako hiriburu bihurtu zuenetik. Urteurren hori eta bigarren Liga etxean ospatu behar izan dira, baina pandemia honek utzitakoan izango da aukerarik halako mimoz prestaturiko ekitaldiekin gozatzeko.

Bidasoa-Irunek pizten duen interesaren erakusgarri, Artalekuko esperientzia bizi-tzera hurbildu diren zaleez gain, han hemengo telebistek ez dute Irungo taldearen xehetasunik galdu nahi izan. Asobal Ligako hamahiru partida, europar ibilbide osoa, eta Errege Kopa pantaila txikitik edota gailu mugikorretan ikus ahal izan dira. EHF TVren estalduraz gain, LaLigaSports TV, ETB, Teledeporte eta Gol kateek 25 partida baino gehiago eman dituzte. Ikus entzuleak ere gero eta gehiago izan dira denboraldiak aurrera egin ahala, eta horren adierazgarri, Orlen Wisla Plocken aurka Artalekun jokatu zen partida, Champions Leagueko Match of the Week hautatu izana (jardunaldiko partidarik onena).