BILBO. Ofiziala da. Bilbao Arenak emakumeen Endesa Ligako Superkoparen formatu berria hartuko du irailaren 12an eta 13an. Bi egun horietan Perfumerías Avenida (Erreginaren Kopako txapelduna), Spar Girona, Valencia BC eta Lointek Gernika Bizkaia (iazko denboraldiko 2., 3. eta 4. sailkatuak) lehiatu egingo dira. Denboraldiko lehenengo titulua egongo da jokoan, finalaurrekoetan eta finaletan jokatuko dena.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu duenez, Bilbao Arenan maila goreneko kirol-lehiaketa hau egitea "aukera paregabea da hiriko jarduera ekonomikorako, turismoaren eta ostalaritzaren sektoreentzat, besteak beste". Alkatea pozik agertu da "Bilbo Superkoparen egoitza izateko aukeratu dutelako; horrek erakusten baitu uri erakargarria izaten jarraitzen duela, ekitaldi handiak antolatzeko beharrezkoak diren zerbitzu guztiak dituena eta horretarako prestatuta dagoena".

Azkenik, Juan Mari Aburtok gogorarazi du Bilboko Udalak emakumeen kirola bultzatzeko eta sustatzeko apustu "irmoa" egin duela, "ezberdintasunak ezabatzeko eta gizarte esparru guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko gakoetako bat delako".

Covid-19aren pandemiak konfinamendua eta lehia gerarazitako hilabeteak igaro ondoren, txapelketa itzultzea antolatzaileen, taldeen, Espainiako eta erkidegoetako federazioen, jokalarien, arbitroen eta Superkopa berriaren lehen edizioan parte hartuko duten teknikari eta zerbitzuetako langile guztien garaipen kolektiboa izango da.