dOnostia - 69. All-Star partidan protagonista nagusiak Anthony Davis pibota eta hegaleko Kawhi Leonard izan ziren; biak ala biak Los Angeleseko Lakers eta Clippers taldeko jokalariak. Hain zuzen ere, Mamba Beltzak hiri horretantxe egin zituen bere ibilbide profesionaleko 20 urte oparoak. Hala ere, Kobe Bryanten oroitzapena gailendu zen.

Gauak hala eskatzen zuen: Lakerseko jokalari batek, Anthony Davisek, Los Angelesen taldekide duen LeBronen Taldeak irabaztea lortu zuen azken uneko jaurtiketa batekin. Kobek berak Lakers taldean lortu zituen aurrez NBAko bost eraztun, eta jokalari baliotsuenaren (MVP) izendapen bat, Izarren Partidan 18 aldiz parte hartzeaz gain.

Davisek bigarren pertsonal jaurtiketa saskiratu zuen, LeBron Taldeari 157 puntuko target scorera (saskiratze-helburua) iristea ahalbidetuz. United Centerren jokatutako partida lehena zen Chicagon 1988az geroztik, eta, aurten, gainera, formatu berria izan zuen, Kobe Bryant, 13 urteko bere alaba Gianna, eta urtarrilaren 26an bizia galdu zuten beste zazpi lagunak omentzeko.

leonard, lehen 'bryant'-a LeBron Taldeak 2 zenbakidun elastiko urdina jantzi zuen Giannaren oroimenez; Giannis Taldeko jokalari guztiek, berriz, 24 zenbakidun elastiko gorria ipini zuten, Bryanten omenez. Clippers taldeko Kawhi Leonard hegalekoak, 20 minutu jokatu zituen guztira LeBron Taldearekin. Partidako saskiratzaile nagusia izan zen, 30 puntu lortu bai-tzituen 18 jaurtiketetatik 11 sartuta -tartean, 8 hiruko-; lau asistentzia banatu zituen eta bi baloi berreskuratu, partidako jokalaririk azpimarragarrienaren MVPa eskuratuz, estreinako aldiz Kobe Bryant-en izenarekin.

Bi taldetako kapitainek, Antetokounmpok eta Jamesek Chicagoko erakunde bana aukeratu eta ordezkatu zuten partidan. All-Star-aren formatu berri honetan, lehen hiru laurdenak banaka, aparte, hartzen ziren kontuan, eta LeBron Taldea oso indartsu hasi zen 53-41eko partziala erdietsiz. Lehen laurden honetan Leonardek sekulako erakustaldia egin zuen, laurden bakoitza irabazteagatik jasotzen ziren lehen 100.000 dolarrak eramatea ahalbidetuz.

LeBron Taldeak inspirazio hobea izan du saskiratze erabakigarriak lortzerako orduan, eta laugarren laurdena hastean bederatzi puntuz azpitik joan arren, markagailua iraultzea lortu du 45 minutu inguru iraun dituen azken laurden honetan. Izar nagusia Leonard izan bada ere, LeBronek eta Oklahoma City Thunder taldeko joko-antolatzaile Chris Paulek 23na puntu lortu zituzten, eta Davisek ere laguntza ederra eskaini zuen 20 puntu eta 9 erreboterekin.

Berak aurreratu bezala, Luka Doncic esloveniarra apal antzera ibili zen jokatu zituen 18 minutuetan; egindako 6 jaurtiketetatik 3 sartu zituen, errebote bat harrapatu, lau pertsonal egin eta baloi bat berreskuratu. Giannis Taldeari dagokionean, Bucks taldeko izarra den Antetokounmpo greziarra izan zen kapitaina, eta baita jokalari aipagarriena ere: bikoitz-bikoitza erdietsi zuen, 25 puntu, 11 errebote, lau asistentzia eta hiru tapoi lortuz.