Etxetik kanpoko emaitzak hobetzeko premia gorian, La Romaredan jokatuko du gaur Eibarrek Zaragozaren aurka. Talde armagina Bigarren Mailako laugarren bisitaririk eskasena da, eta irabazten hasi ezean, sailkapenaren behealdeko taldeak hurbildu egingo zaizkio.

Beñat San Jose etorri zenetik hobekuntza nabarmena izan da. Zazpi partida jokatu eta oraindik ez du porrotik jaso, nahiz eta une honetan urrunago duen promozioa, zortzi puntura, zazpira dagoen jaitsiera baino.

Beñat San Josek bi albiste on izango ditu gainera, Anaitz Arbilla eta Jon Bautista jokatzeko prest izango baititu, joan den jardunaldian txartel pilaketagatik ezarritako zigorra Oviedoren aurkakoan bete ondoren.

Aldiz, arrazoi horrexegatik ezin jokatuko du José Corpasek, partida hartan bosgarren txartela atera ziotelako; itxura batean, eskuineko muturrean Xeber Alkain hondarribiarrak jokatuko du haren lekuan.

Bi albiste on

Aurreko jardunaldian beste albiste on bat ere izan zuen entrenatzaileak, Oviedoren aurkakorako min hartuta zituen jokalarietako hiru berreskuratu baitzituen, tartean bi hilabetez baja izan den Ivan Gil. Min hartuta zeudelako hainbat astetan jokatu gabe egon diren Chema Rodriguez eta Martin Merquelanz ere deialdian sartu ziren.

Arnau Comas prest egongo ote den izango da zalantza nagusia, hainbat jardunaldi baitaramatza jokatu ezinik; nolanahi ere, prest ez balego, defentsaren erdiguneko postua Arambarrik beteko luke ziurrenik, aurreko astean egin zuen bezala. Lesio handiak sufritu dituzten Troncho eta Mada osatzeko bidean dira oraindik ere.

Beñat San Jose Eibarreko entrenatzaileak prentsaurrekoan esan zuenez, Aragoiko taldea “sekulako taldea da, estadio galanta du”, eta egoera “delikatuan” egon arren, Gabi Fernandez entrenatzaile berriak “energia berria” ekarri dio.

"Motibazioa"

Eibar taldeko entrenatzailearen iritziz, joan den jardunaldian Mirandesen aurka lortutako garaipenak (1-0) “motibazioa” eman dio Zaragozari, eta larunbat honetako partida “eferbeszentziaz” hasiko dutela aurreikusten du, “aurkariari beti presio handia” eragiten dion Romaredan, “gauzak ondo ateratzen ez badira” etxekoekin ere halaxe jokatu arren.