Gipuzkoako historiaren 1.000 urteak ospatzeko jardueren baitan, erronka berriak abiarazi ditu Mendiak aplikazioan Gipuzkoako Mendizale Federazioak, Gipuzkoako Aldundiko Kirol Departamentuarekin lankidetzan, . Ekimen horiekin, gure lurraldea mendien bitartez ezagutzera gonbidatu dituzte herritarrak, jarduera fisikoa eta kultura-ondarearen ezagutza sustatzearekin batera.

Kultura eta Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek ohar baten bidez nabarmendu zuenez, ekimen hau “oso aukera polita da Gipuzkoaren milagarren urteurrena ospatzeko, herritarrok gure lurraldearekin dugun lotura sendotuz, jarduera fisikoa sustatuz eta gure ingurune natural eta historikoaren ezagutza sakonduz”.

Igor Lasa Gipuzkoako Mendi Federazioko koordinatzaile teknikoak azaldu zuenez, Mendiak aplikazioak “mendizale gazteenak gure lurraldeko tontorretara eta historiara modu ludikoagoan hurbiltzeko aukera eskain-tzen digu, egungo aro digitalarekin uztartzeko moduan, gainera”.

Gailurrak

Erronka nagusia G.I.P.U.Z.K.O.A. 1000 Urte izenekoa da, eta 2025ean Gipuzkoako zortzi eskualdeetako bakoitzean gailur bat igotzea proposatzen digu. Aukeratutako mendiak honako hauek dira: Kurutzebakarra (Debabarrena), Andarto (Debagoiena), Murugil (Urola Kosta), Gazume (Urola), Ausa Gaztelu (Goierri), Uarrain (Tolosaldea), Oindi (Beterri-Donostialdea) eta Munagirre (Bidasoaldea).

Parte hartzeko Mendiak aplikazioa deskargatu besterik ez da egin behar. Aplikazioak igoerak erregistratuko ditu eta G.I.P.U.Z.K.O.A. hitzaren letra bana esleituko du zapaldutako tontor bakoitzeko. Erronka erabat osatzen duten parte-hartzaileek hainbat sari jaso ahal izango dituzte: domina digitalak, mendiko orientazio ikastaroak, Umeekin egiteko ibilbideak (Gipuzkoa) liburuaren aleak, bai eta aplikazioari lotutako beste zenbait opari ere.

Erronka nagusiaz gain, bestelako proposamenak ere aktibatuko dira txangozaleen profil desberdinen parte hartzea motibatzeko, esate baterako Gertuko 50 gailurrak, parte-har-tzailearen udalerritik hurbilen dauden 50 tontorretara denbora mugarik gabe igotzea; Familiak gailurrean, haurrentzat egokiak diren hamar gailur familiartean egiteko; eta Mendia eta historia, gure ondarearen ezagutza sustatzeko helburuarekin, balio historikoa edo kulturala duten bost mendi esploratzea proposatuko diguna.

Erronka horiek guztiak Mendiak aplikazioan egongo dira eskuragarri, eta Gipuzkoako mendiei, haietara joateko ibilbideei eta historiari buruzko informazio zehatza eskainiko digu beti. Gipuzkoako Mendi Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak herritarrak animatu nahi izan dituzte “ospakizun aktibo horrekin bat egin, eta gure lurraldearen paisaia ederra berraurkitzera”.