Elene Vazquez (Donostia, 1999) bueltan da Bidebietan, orain sei urte Bartzelonara ikastera joan eta gero. Han zegoela BM Granollersen jokatu zuen bost denboralditan eta beste bat Frantziako D2 mailako Toulousen. Behin itzulita, datorren asteazkenean, uztailaren 26an, Super Amara Bera Berarekin ekingo dio denboraldiaurreari, nahiz eta Euskal Ligako senior taldearekin jokatzekoa den.

Elene Vazquez Bera Bera Eskubaloi eskolan hasi zen eta maila guztietatik pasa zen: infantila, kadetea, gaztea eta seniorra (artean jubenila zela), 2016-17ko denboraldian Bera Berarekin egin baitzuen denboraldiaurrea, eta klubak Europarako zerrendan ere sartu zuen, azkenean jokalari donostiarrak lehen taldearekin debutatu ez arren.

Hurrengo urtean, Irati Kamiorekin batera, Bartzelonara joan zen fisioterapia eta heziketa fisikoko gradu bikoitza egitera, eta biak Granollersen bigarren taldean jokatzen hasi ziren. Arazo fisikoak medio Kamiok eskubaloia utzi egin behar izan zuen, baina Vazquezek lehen jardunaldian bertan debuta egin zuen Granollersen Ohorezko Mailako taldean –18 urteak bete gabe zituela–. 2017ko azaroaren 4an, bisitari izanik jokatu zuen Bidebietan, eta, guztira, ligako 25 partida –30 gol sartuta– eta Kopako hiru jokatu zituen denboraldian zehar.

Hurrengo bi urteak traketsagoak izan ziren hainbat lesio izan zituelako. Baina 2019-20 eta 2020-21 denboraldietan aspaldi hasitako ibilbide oparoa berreskuratu zuen Vazquezek, tamalez beste ezbehar batek 2022an Donostiako Kopan egotea eragotzi arren. Iragan denboraldian Frantziako D2 mailara pasa zen Tolosako taldearekin, eta 18 partida jokatu zituen eurekin.

Donostiara itzulita, bere bizitzako etapa berri bati hasiera eman nahi dio, egindako ikasketei irteera profesionala emanez, eskubaloiarekin nolabait lotuta jarraituz eta, agian, txikitatik hezi zen klubarekin berriro ere Guerreras Iberdrola Ligan jokatuz.

Eider Tapia eta Naroa Zabala

Elene Vazquezek bezalaxe, datorren asteazkenean Eider Tapia euskarriak eta Naroa Zabala bigarren taldeko atezainak Bera Berarekin hasiko dute denboraldiaurrea. Tapiak jada minutuak izan ditu Guerreras Iberdrola Ligan, eta Zabalak azaroan Beti Onak-en aurkako lagunartekoa jokatu zuen Lekunberrin.