- Bidasoa-Irunek gutxienez zortzi baja izan ditu koronabirusagatik azken bi asteotan, eta lau partida atzeratu behar izan ditu. Etorkizun hurbilean erlojuaren kontra berreskuratu beharko ditu partida horiek, eta talde gipuzkoarraren entrenatzaileak adierazi duenez, partidak eurak izango dira "entrena-tzeko baliagarri".

Poloniarrak ezustean harrapatzeko ilusioz baina etsipenak jota egingo dio aurre Jacobo Cuetarak Wisla Plocken aurkako partidari, kontuan izanik, covid-19a gainditu berri duten jokalari batzuk "zuzenean partidara joango direla, taldearekin entrenatu gabe".

"Gaixotasunaren inguruko kezka logikoarekin egingo diogu aurre neurketari, nahiz eta jokalariek sintoma arinekin edo asintomatikoki gainditu duten, eta horrek ere lasaitasuna ematen digu", adierazi zuen prestatzaile asturiarrak. Hala eta guztiz ere garbi esan du, bere taldea ez dela "maila gorenean jokatzeko prest iritsiko", eta horrek "hurrengo partidak ere baldintzatu" ditzakeela.

Bere hurrengo aurkari europarrari buruz honako hau esan zuen: "Duela bi denboraldi Txapeldunen Ligan elkarren aurka aritu ginenean baino talde hobea dute".

"Joan den denboraldian txapelketako Lauko Finalera iritsi ziren; oso talde indartsua da, eta gure onenean egonda ere, oso aurkari zaila izango lirateke", adierazi zuen Cuetarak.

Talde poloniarraren inguruan hauxe aipatu zuen: "Postu bakoitzeko hainbat jokalari dituzte, internazionalak posizio askotan; defentsa sendo eta gogorrari esker kontraerasoan irtetea gustatzen zaie, korrika egiteko oso gizon azkarrak eta kalitate handikoak dituztelako".