Síguenos en redes sociales:

Ekitaldi “bereziak” iragarri ditu 2019rako Zarauzko Kirol Elkarteak

Klubaren 75. urteurrena ‘Izaera zuri-beltza’ lelopean ospatuko dute hamabi sailek eta egutegi bat ere ipiniko dute salgai

ZARAUTZ - Datorren urtean Zarauzko Kirol Elkartearen 75. urteurrena dela eta, arduradunek kirol ekitaldi “bereziz” osatutako programa bat azaldu zuten aurkezpenean, logo berrituarekin batera eta “izaera zuri-beltza” lelopean.

Klubeko lehendakaria den Esteban Collantesen hitzetan, “eslogan horrek, hain zuzen ere, erreferentzia egiten dio klubaren izaerari, hori baita ezberdintzen gaituena: gure filosofia, gure pentsatzeko, lan egiteko eta fun-tzionatzeko modua”.

Bada, 75. urteurrenaren harira, 2019. urte osoan zehar kirol modalitate guztiak islatuko dituen “ekitaldi bereziz beteriko programazioa” aurreratu zuten. Urtarriletik abendura bitartean, hilabetero izango da ekitaldiren bat eta data guztiak zehaztu ez zituzten arren, bertso derbia, herri kirolen Olinpiadak, eskubaloiko Euskadiko selekzioaren partidua, xake festa, plaieroetako jardunaldi “berezia”, jardunaldiak, hitzaldiak eta “beste zenbait ekintza gehiago zehaztu ahala” aurreratzen joango zirela adierazi zuten.

Bestalde, kluba osatzen duten hamabi sailen erakusle izango den egutegi bat osatu dute urteurrena ospatzeko. Bertan hilabete bakoi-tzean kirol bat irudikatzen da norberaren balio, lelo eta argazki batekin eta ekintza berezien datak jaso dituzte. Egutegi hau bost euroren truke salduko dutela adierazi zuten eta Urkian, kioskoan, Aritzbatalde kiroldegiko eta Astiko kantinetan eta elkarteko bulegoetan egongo da eskuragarri.

Gaur egun, ZKEk 2.000 fitxa baino gehiago ditu eta Euskadin kirol-lizentzia gehien dituen kluba da. “Horrek esan nahi du Zarautzen hamar pertsonatik bat federatuta dagoela”, azpimarratu nahi izan zuen Collantesek eta gehitu zuen: “Gure helburutako bat kirolaren bitartez Zarauzko herriaren esen-tzia lau haizeetara zabaltzea da”.

Zarauzko alkatea den Xabier Txurrukak elkartea zoriondu zuen urteurrenaren aurkezpenean, “urte osoan zehar burutzen duen lanagatik”. Izan ere, Txurrukaren hitzetan, kirolaren praktika sustatzeaz gain, “gizarte kohesioan funtzio oso garrantzitsua betetzen du eta herritarren gehiengoa ez da honetaz ohartzen”. Zarautz Kirol Elkartea “zarauztar guztion patrimonioa da eta aintzat hartu beharreko altxorra dugu”, azpimarratu nahi izan zuen alkateak. - N.O.