Síguenos en redes sociales:

Galletebeitia-Iturralde eta Antxon-Elkorobarrutia nagusitu dira Durangon

Galletebeitia-Iturralde eta Antxon-Elkorobarrutia nagusitu dira Durangon

Aitzol Galletebeitia eta Aize Iturralde, gazte mailan, eta Antxon Alberdi eta Mikel Elkorobarrutia, maila nagusian, izan dira Durangoko Ugarein Xistera Zirkuitoko Torneoko irabazleak. Ezkurdi pilotaleku ederrean jokatu ziren azaroko lehen egunean partidak; goizean kanporaketak eta arratsaldean finalak. Emaitza hauen ostean, Aitzol Galletebeitiak, gazteetan, eta Antxon Alberdik, maila nagusian, final nagusirako bidea hartu dute.

Goizeko kanporaketak, kiniela erara eta 15 tantora izan ziren. Gazteetan, Galletebeitia eta Iturralde hasieratik nagusitu ziren, eta eurentzat izan zen lehen postua. Bigarrenerako berdinduta geratu ziren Sorozabal-De Betelu eta Garcia-Goitiandia, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten, eta hor Sorozabal eta De Betelu sailkatu ziren finalerako.

Maila nagusiko kiniela dotorea, ederra, izan zen, lehian izan ziren zortzi bikoteetatik, zazpik azkeneko unerarte izan baitzuten finalean sartzeko aukera. 15era lehenak iritsi zirenak, Urriolabeitia eta Aitor Elkorobarrutia izan ziren. Bigarren, berdinduta geratu ziren, tanto bakarrera, Antxon-Mikel Elkorobarrutia eta Aaron-Zugaitz. Hauek kitarakoa jokatu behar izan zuten, eta bikote bizkaitarra sartu zen finalean.

FINALAK.

GAZTEAK:

Galletebeitia-Iturralde 2 Sorozabal-De Betelu 1 (8-15, 15-8 eta 5-4)

Lehen jokoan De Betelu izan zen protagonista, bera izan baitzen lauetan onena. Atzean agindu egin zuen, tantoak amaitu ere bai, eta Sorozabali bidea erraztu zion. Hasieratik hartu zuen aurre bikote urdinak, eta amaieran lehen puntu erosoa lortu zuten. 0-3, 2-3, 2-7, 4-7, 4-10, 5-10, 5-13, 7-13, 7-14, 8-14 eta 8-15.

Bigarren jokoan ere urdinak hasi ziren agintzen, eta berriro ere De Betelu atzean nagusi, eta horrela 2-5 aurretik jarri ziren. Baina, hor gauzak aldatzen hasi ziren, Iturralde pasa baitzen atzeko koadro horietan agintzera eta Sorozabalek aurrean ez zuen aukerarik izan. Gallatebeitiak bere aukerak ederki baliatu zituen, neurketa berdintzeko. 2-0, 2-2, 2-5, 5-5, 5-6, 6-6, 10-6, 10-7, 12-7, 12-8 eta 15-8.

Kitarakoan gauzak estu joan ziren. Gorriek agindu zuten jokoan eta markagailuan, eta 4-2 koarekin dena erabakita zirudien, baina urdinek partida berdindu eta garaipena eskura zutenean, Sorozabalek saketik falta egin zuen, eta Galletebeitiak eta Iturraldek eraman zuten garaipena. 3-0, 3-2, 4-2, 4-4, eta 5-4.

MAILA NAGUSIA

Urriolabeitia-A.Elkorobarrutia 0 Antxon-M.Elkorobarrutia 2 (13-15 eta 8-15)

Elkorobarrutia anaien lehia izan zen atzeko koadroetan, eta polita, biak eman baitzuten maila. Hala ere, aurrean Antxonek duen eskarmentuak erabaki zuen norgehiagoka. Lehen jokoa berdina izan zen, inoiz ez baitzen markagailuan alderik egon. Lehen zatian gorriak aurretik ibili ziren unerik gehienean, baina azken txanpa horretan gorriek hobeto amaitu zituzten tantoak, eta lehen puntua eskuratu zuten. 2-0, 2-1, 4-1, 4-3, 6-3, 6-5, 7-5, 7-6, 8-6, 8-8, 11-8, 11-10, 12-11, 12-12, 13-12, 13-13 eta 13-15.

Bigarren jokoan urdinak hobeak izan ziren. Aurrean Antxonek agindu egin zuen, eta atzean Mikelek Aitor menperatu egin zuen, eta oraingoan garaipen erosoa lortu zuten Antxonek eta Elkorobarrutiak. 1-0, 1-1, 3-1, 3-3, 3-5, 4-5, 4-6, 5-6, 5-7, 6-7, 6-9, 7-9, 7-10, 8-10 eta 8-15.

Nesken Xistera Zirkuitoak Tolosan izango du hurrengo geldialdia

Nesken Xistera Zirkuitoak ere bidea egiten jarraitzen du, eta hurrengo geldialdia Tolosan izango du. Igandean, 10.30ean hasita jokatuko da Nesken Xistera Zirkuitoa. Hasteko, bi kiniela jokatuko dira eta jarraian etorriko dira bi norgehiagokak. Lehen partidan, Maialen Aldazabal eta Naroa Merino, Loreline Cariteauren eta Naia Calvoren aurka lehiatuko dira, eta bigarrengoan, berriz, Ziortza Landa eta Eneritz Lizardi, Maddi Jauregiren eta Izaro Arberen aurka. Txapelketa honetan ere puntuetan gauzak oso orekatuta daude, eta igandean Beotibarren jokatuko diren bi partidek emozio faltarik ez dute izango.

Tolosako jaialdian gaur egun zestan ari diren neskarik gehientsuenak ikusi ahal izango dira, eta Euskal Herriko klub ezberdinak ordezkatuta egongo dira Betoibarren ikusi ahal izango diren neurketetan.