Dena prest Interjaiko finalerdirako
Dena prest dago larunbat honetan 18.00etatik aurrera Donibane Lohizuneko Campos Berri Jai Alain jokatuko den Xisterako Interjai Txapelketako finalerdirako. Antxon eta Ibarluzea jadanik urriaren 6an Bilboko Deportivon jokatuko den finalerako sailkatuta daude, eta larunbatean jakingo dute zeintzuk izango diren euren aurkariak.
Goixerri-Andonegi, Retolaza-Uriel eta Bailo-Manci izango dira aurrez aurre arituko direnak. Kiniela erara jokatuko dute eta 25 tantora izango da. Hiru bikote, baina batek bakarrik izango du aurrera egiteko aukera. Sailkatzen ez direnek ere izango dute Bilbon jokatzeko aukera, baina hirugarren postuaren borrokan,
Ikusmina handia dago, eta baita pilotarien herrietan ere, eta kirolariek ez dute euren zaleen babesik faltako. Arituko diren sei pilotariek izango dute euren babesa, eta horrek giroa asko berotuko du.
Faboritoak aipatzea ez da errera, kiniela erara jokatuko baita eta hiru bikoteek izango dute aurrera egiteko aukera.
Baina, Donibane Lohizunera doazenek izango dute baita ere bosgarren eta seigarren posturako partida ikusteko aukera ere. Iturrino eta Susoren ordez arituko den Tocoullet, Etcheberryren eta Zugaitzen aurka neurtuko dira. Finalerdia igandean diferituan ikusi ahal izango da Euskal Telebistako lehen katetik, eta larunbatean bertan zuzenean Xisterako You Tube kanaletik.
Bueltan da nesken Xistera Zirkuitoa
Udako atsedenaren ostean, badator berriro ere nesken Xistera Zirkuitoa eta egun osoko jarduna izango da igande honetan Donibane Lohizuneko Campos Berri pilotalekuan. Goizean 10.30ean hasiko da jaialdia, eta arratsaldean, berriz, 16.00etan.
Goizean, lehenengo, bi kiniela jokatuko dira, eta ondoren iritsiko da Zirkuitoko partida. Bertan, Ortiz de Mendibil eta Chloe, Aldazabalen eta Arriolaren aurka arituko dira. Arratsaldean ere, era berdinean jokatuko da. Lehenengo bi kiniela jokatuko dira eta ondoren Xisterako Zirkuitoko norgehiagoka izango da. Jauregi eta Lizardi, Cariteauren eta Chloeren aurka neurtuko dira.
Hau izango da Zirkuitoko hirugarren jardunaldia, aurretik, Cabanillasen eta Markina-Xemeinen jokatu baitira jardunaldiak. Donibane Lohizunen berriro ere Euskal Herri osoko klub ezberdinak egongo dira ordezkatuta.