Interjai azken txanpan sartzera doa
Interjai Txapelketa azken txanpan sartzera doa, eta asteburu honetan lehen fasea amaituko da. Horrekin jakingo da finalera zein sailkatzen den zuzenean, eta finalerdiak jokatu beharreko beste hiru bikoteak zeintzuk diren.
Larunbatean, Donibane Lohizuneko pilotalekuan, partida oso garrantzitsuak izango dira. Lehen neurketan, Goixerri eta Andonegi, Retolazaren eta Urielen aurka arituko dira. Aurreneko bikoteak orain artekoak irabazi ditu, eta bigarrenak partida bat galdu du. Azken hauentzat, gainera azkeneko partida izango da.
Ondoren, jadanik ezertarako aukerarik ez duten Iturrino eta Toucoullet, azken honek Suso ordezkatuko du, orain arte dena irabazi duten Antxonen eta Ibarluzearen aurka lehiatuko dira.
Igandean, 11.00etan Pauen izango da lehen faseko azkeneko jardunaldia, eta bezperako emaitzen arabera gauzak aldatu daitezke. Hala ere, bertan Goixerri-Andonegi eta Antxon-Ibarluzeak jokatuko duten partidak izango du garrantziarik handiena, lehen postua jokatzen egoteko itxura handia baitauka, eta horrekin finalera zuzenean sailkatuko den bikotearen izena jakingo litzateke.
Ondoren jokatuko den partidan, Bailo eta Manci, Etcheberryren eta Zugaitzen aurka lehiatuko dira. Hau ere garrantzitsua izango da, finalerdiak jokatzeko txartela izango baidute jokoan.
LARUNBATA, IRAILAK 1, DONIBANE LOHIZUNE, 15.00.
Goixerri-Andonegi / Retolaza-Uriel
Antxon-Ibarluzea / Iturrino-Toucoulet
IGANDEA, IRAILAK 2, PAUE, 11.00.
Etcheberry-Zugaitz / Bailo-Manci
Goixerri-Andonegi / Antxon-Ibarluzea