zinemaldia

Zinemaldia | Lehen haurtzaroaren arrastoak zehazten al du nor garen?

24.09.2021 | 00:36
Zinemaldia | Lehen haurtzaroaren arrastoak zehazten al du nor garen?

Maru Solores itxiko du 'Zinemira' saila, amatasunari eta bizitzako lehen urteetako hazkuntzari buruzko eztabaida zabaltzen duen 'Aztarnak' filmarekin

Mundu honetara etortzearen prozesua, jaiotzean ikusten diren lehen argi izpiak, azala azalarekin ukitzea, izan ala ez... Hainbat profesionalek adierazten dutenez, jaiotze uneak berak eta ondoren datozenek arrastoa uzten omen dute, onerako edo txarrerako, gizaki ororengan; nolabait, norbanako bakoitzaren nortasunaren eta izaeraren bilakaera zehaztu dezakeen marka ezarriz. Maru Solores zinemagile donostiarrak planteamendu hori aztertu nahi izan du gaur Zinemaldian estreinatuko den Aztarnak izeneko bere azken filmean. Maruren ibilbideko bigarren film luzea da, eta amatasun eta hazkuntza ereduei buruzko eztabaida bideratzea du helburu.

Soloresen "bizipen pertsonalak" ditu oinarri luzemetraiak. Bere alaba txikia zenean, Hazi Hezi-rekin harremanetan jarri zen, erditzea prestatzeko eskolen eta ondorengo hazkuntzarekin lotutako tailerren eta prestakuntzaren "prebentzio-zentro"-arekin. Bertan "guraso eta adituen elkarketa bat sortu zen", eta informazioa trukatzen hasi zirenean, zuzendariak "noizbait" harekin guztiarekin zerbait egitea pentsatu omen zuen. Amatasuna edo kontziliazioa bezalako gaiak aztertu nahi zituen, "Gizarte mailan horietaz askorik ez zela hitz egiten iruditzen baitzitzaidan, ez zela eduki horiei buruzko elkarrizketarik sortzen", adierazi du. Horrela sortu zen Aztarnak egiteko ideia.

Ura etengabe agertzen da film osoan zehar, hondartza zein basoetako espazio naturalen irudietan zehar nabigatu bitartean gaia harilkatuz, eta zuzendariaren off ahotsa entzuten delarik, bizitzako pentsamenduen kontaketa baili-tzan. "Betidanik maite izan dut ura, itsasoa", aitortu du Soloresek. Horregatik aukeratu zuen "Lizen-tzia poetikotzat", aztarna pertsonalen kontzeptua naturaren metafora batean islatzeko; baita "haurrak sentitzen duena transmititzeko ere, bai sabelaren barruan dagoenean, bai jaiotzean, bai lehen urteetan; gogoratzen ez dugun etapa horretan guztian", azaldu du zinemagileak.

Hala ere, esperimentaltasun hori familia, psikologo, psikiatra eta neurozientifikoen testigantzekin ere tartekatzen da; indarkeria obstetrikoari buruz hitz egiten delarik, gizakiengan bizitzako lehen uneek duten eraginari buruz, bai eta amatasun eta hazkuntza-modu desberdinei buruz ere. Esperientzia horien biltze lanean 2013 eta 2015 artean hasi zen, "ia finantzaketarik gabe". Grabaketak bolada batez eten ostean, 2018an crowdfunding kanpaina bat abiarazi zuten, eta horrela lortutako funtsekin, "urriak" izan ziren arren, "Gaiari eta proiektuari ikusgarritasuna ematea erdietsi zen", zintaren zatirik gehiena 2019an zehar egitea ahalbidetuz.

Solores "oso pozik" agertu da Zinemira saila ixteak eskaini dion ikusgarritasunarekin. "Oso pozgarria da, eta ez nigatik bakarrik, taldekide guztiengatik eta kameren aurrean agertzen direnengatik baizik; orain bai, euren ahotsak oihartzuna izango baitu".

Soloresek nabarmentzen duen ahots horrek ez du egia absolutua izateko asmorik, zuzendariaren hausnarketen arabera. "Espazio bat planteatu nahi izan dut, jendeak zalantzak plazaratu eta galderak egin ditzan. Ez ditut erantzunak eman nahi izan, bilaketa bat abiatu baizik. Kasu honetan, neronen bilaketa izan da, baina pertsona askorena izan daitekeela esango nuke ".

Badirudi aztarna goiztiar horien beldur izan behar genukeela, baina zinemagilearen esanetan, "modu negatiboan zein positiboan" eragin dezakete. "Gizakiok oso konplexuak gara, eta eragina duten beste gauza asko ere badaude", gaineratu du. Laburbilduz, "Aztarna horiek oso garrantzitsuak dira, baina ez dute zertan kalterako izan behar".

Etorkizunari begira eta gure gizartean haurraren hazkuntzak eboluzionatzen jarraitzeko itxaropenik ba ote dagoen galdetuta, Soloresek azpimarratu du "gauzak ez direla belaunaldi batetik bestera aldatuko", "pauso txikiak" emango direla. Bere iritziz, belaunaldi honetan "agian gure gurasoak baino kontzienteago izan gara arrasto horien garrantziaz". Eta hemendik aurrera? "Akaso hurrengo belaunaldiak beste urrats bat emango du, eta hurrengoak beste bat. Horrela lortuko dugu denon artean, poliki-poliki ".

"Espazio bat planteatu nahi izan dut, jendeak zalantzak plazaratu eta galderak egin ditzan"

maru solores

'Aztarnak' filmaren zuzendaria

"Haurtzaroko aztarnak garrantzitsuak izan arren, ez dute zertan kalterako izan behar"

noticias de noticiasdegipuzkoa