Komunitate bat baino gehiago egon dira azken hamarkadetan. Nazioartean izan dira batik bat entzutetsuenak, baina Euskal Herriak ere izan ditu bereak. 1980ko hamarkadan, esate baterako, Arco Iris komunitatea bizi izan zen Lizason (Nafarroa) utzita zegoen komentu batean. Irati Gorostidi zinemagileak (Eguesibar, Nafarroa, 1988) horren berri izan, eta testuingurura eraman nahi izan zuen ondorio batzuk ateratzeko. Hortik tiraka, ikus-entzunezko hiru lan oinarri dituen proiektu bat ari da ontzen.

Komunitatearen ikerketan dago zure proiektuaren abiapuntuetako bat. Zer dela-eta?

-Komunitatea deskubritu nuenean hasi nintzen pixka bat proiektua imajinatzen. Horrelako asko egon ziren garai haietan Espainiako Estatuan eta nazioartean, hala nola Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan. Komuna hippie-ak ziren. Niri interesatzen zitzaidana baina ez zen horrenbeste Arco Iris bera, baizik eta komunitate hori Nafarroako testuinguruan kokatzea, 1980ko urteetako egoera sozial eta politikoan. Hasi nintzen irudikatzen pelikula bat era horretako komunitate batean girotua, baina berehala ohartu nintzen garrantzi-tsua zela testuinguruan jartzea. Pelikularen protagonistek ibilbide bat egiten dute.

Eta lehen geldiunetako bat langile mugimendua da.

-Pelikularen hasieran Gipuzkoako langile mugimenduan oso sartuta daude, lantegietan lan egiten dutelako eta borroka horretako militanteak direlako. Testuinguru oso politizatu eta aktibista batetik datoz, baina trantsizioa ez ezik, 1980ko hamarkadako krisia ere iristen da: industriaren desegituratzea eta langile mugimenduan aldaketak, desmobilizazio edo atomizazio bat antolakuntzan. Badute "erdi porrotaren" sentsazioa, gizartearentzako aldaketa erradikalago bat espero eta aurreikusten zutelako, eta alternatiba bila hasten dira.

Arco Irisen bukatu arte?

-Hein batean, aukera bila hasten dira, batik bat ikusita zein zen gizarteak hartuko zuen norabidea eta zein urrun zegoen beraien desiretatik edo espektatibetatik. Horregatik amai-tzen dute komunitatean. Eta horregatik diot hura zenaren erretratu bat egin baino interesgarriagoa iruditzen zaidala azaltzea zerk eraman zituen pertsona batzuk horrelako esperien-tzia bat bilatzera.

Beraz, atzera begiratzea garrantzitsua da gerora sortutakoa ulertzeko?

-Kasu honetan, banuen sentsazio bat Arco Iriseko komunitatearen funtzionamendua edo existentzia hutsa ez zetorrela bat une historiko hartaz nuen irudiarekin, 1980ko hamarkada Euskal Herrian imajinatzeko nuen erarekin. Komunitateak ez zuen osotasun batean bat egiten nik ezagu-tzen nuen errelatoan, eta hasi nin-tzen narrazio horretan nolabaiteko arrakala batzuk aurkitzen, edo nire perspektiba hasi zen aldatzen eta gauzak sakonago ulertzen. Bilaketa bat izan da, nire esperientzia, narrazioa bera auzitan eta zalantzan jar-tzeko, eta sakontzeko. Ez dut zertan narrazio hori kontraesan behar, baizik eta ulertu zeintzuk diren kontatzeko eraren esanahiak.

Horretarako, proiektuan hiru pieza ari zara lantzen.

-Batetik, Anekumen izena duen proiektu luzea dago. Fikziozko pelikula bat da, ikerketa guztia batzen duena, baina epe luzean ari naiz garatzen. Bitartean, ikerketa horren inguruko beste bi lan labur ditut eskuartean. Contadores da lehena. Fikziozko laburmetrai bat da, eta proiektu luzearen lehenengo partea izango da. Are, era horretan ari naiz pelikularen sorkuntzan erabiliko ditudan metodologiak probatzen ere, ekipoa egiten, eta abar. Pertsonalki, saltoa handia da niretzat, eta pausuak emateko modu bat da.

'San Simon 62' da hirugarren proiektua.

-Punto de Vista jaialdira gonbidatu ninduten X Films proiektuan parte hartzea. Labur bat egin behar da hor, dokumentala izan behar dena. San Simon 62 du izena, eta gehiago zentratzen da Arco Iriseko komunitatearen inguruan egin dudan ikerketan. Hor zegoen komentua. Mirari Etxabarrirekin ari naiz garatzen.

Zein prozesutan dago horietako bakoitza?

-San Simon 62 eta Contadores lanetako materiala jada errodatuta dago, eta muntatzen ari naiz. Anekumen idazketa fasean dago eta finantziazio bila ere ari gara, horrelako film luze batek eskatzen duen prozesuan. Ikusmira Berriak egonaldirako ere hautatua izan naiz proiektu horren sorkun-tzarako hurrengo pausoak emateko.

Hala ere, hiru piezek proiektu bat osatzen dute.

-Denak daude proiektu berdinaren inguruan edo ikerketa berberarekin lotuta, baina formatuak pixka bat ezberdinak dira.

Nondik datozkizu proiektuak garatzeko ideiak?

-Proiektuaren arabera nahikoa alda-tzen da abiapuntua, baina beti senti-tzen dut badagoela hari bat guztiak konektatzen dituena. Esaterako, Pasaia Bitartean izan zen nire lehen pelikula, lagun mina dudan eta arkitektoa den Jon Ander Agirrerekin egindakoa. Gradu amaierako proiektu bat egiten ari zen Pasaiako (Gipuzkoa) hirigintzaren inguruan, eta bere alorretik at proiektuan sakontzeko nahia zuen. Era horretan hasi ginen zinea erabiltzen tresnatzat.