- Usurbilgo Santuenea auzori begirako plan integralaren baitan, Santuenea Elkarlanean talde eragileak auzoa aztertzeko bi txango antolatu ditu. Lehenengo ibilaldia aste honetan bertan izango da, ostegunean 18.00etan. Bigarrena, abenduaren 11n, larunbatean, 10.00etan abiaraziko da.

Txango horien bidez Santueneako kale eta txokoak begirada analitikoz aztertu nahi dituzte. Ordu desberdinetan jarri dituzte hitzorduak, egun argiz zein iluntzean eginda ekarpen desberdinak jaso ditzaketelakoan. Auzoaren aukerak, gabeziak eta puntu kritikoak identifikatu nahi dituzte txango horien bidez, diagnostiko borobilago bat lortze aldera, azaldu dute boluntario taldetik.

Txango bakoitza bi ordu ingurukoa izango da. Auzotar guztiak gonbidatu nahi dituzte txangoetara, Santuenea hobeago bat elkarlanean eraikitzeko.

Santuenea Elkarlanean talde eragilea Auzo Planaren definizioa dinamizatzeko sortu den boluntario taldea da. Bidenabar, ateak irekita daude edozein auzokidek bertan parte hartu nahiko balu. Usurbilgo Udalaren babesarekin eta Hiritik At Koop.-en bide-laguntzaz, diagnostiko fase betean murgilduta dago.

Gogorazi dutenez, azaroan, talde eragileak galdetegi bat prestatu zuen auzokide guztien artean auzoaren argazkia ateratzeko. Orain txangoekin, galdetegian aipatutako gaietan sakonduz, auzoaren azterketa zehatzago bat egitea da asmoa.

Honela, espazio publikoaren eremuan, mugikortasunean, irisgarritasunean, zaintzan, ekipamendu zein zerbitzu publikoen eremuan, edota, elkarbizitza eta auzo-antolaketaren esparruan ekarpenak jaso nahi dituzte.

Ondo bidean, 2022 urtearen hasierarekin batera proposamen fasea ireki ahal izango dute, Auzo Plana erakitzen jarraituz.