Apiril amaieran iritsi zen liburu dendetara Oihana Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001) idazlearen poesia liburua: Lazunak azkazaletan (Susa, 2021). Aranaren helduentzako lehenengo liburua da hauxe, baina hala ere, gazteak aspalditik du literaturarekiko harremana.

Hain zuzen ere proiektua Portuak (Gaumin, 2020) gazteentzako eleberria idazten ari zela alboratutako poemak batzearen ondorioz hasi zela adierazi du egileak. "Beharra nuelako hasi nintzen idazten", aitortu du Aranak, eta azaldu du poema sorta nahiko handia lortu zuenean, beste ikuskera batetik begiratzen hasi zitzaiola eta "beste logika batekin" ordenatu zituela. Ez zuen libururik buruan, beraz, idazteari ekin zionean. Argitaletxera bidaltzeko erabakia lagunek eta gertukoek emandako babesaren ondorio dela kontatu du.

Buruhausterik handiena sarri, lanaren izenburuak ematen die artistei. Oihana Aranaren kasuan ere halaxe izan da. Lazunak ibai zikinetan ikus daitezkeen arrainak dira. "Poesiaren metafora ona izan zitezkeela pentsatu nuen", esan du, izan ere, poesia bera bazterrekoa eta arraroa izan daiteke egunotan idazlearen arabera. Era berean, azkazalen irudiarekin jolastu nahi izan du: "Azkazaletan gauzak izatea bi modutara uler daiteke, eustea eta azkazal azpiko zikinkeria izatea", hari horri eutsita adierazi du poesiak beretzat eusteko eta zikinkeria kentzeko balio diola. Hartara, Eskoriatzakoak poesiarekin duen harremana deskribatzen du Lazunak azkazaletan izenak.

Etxea txikitik eraikitzen

Gizarteari, harremanei eta norberak bere buruarekin duen harremanari buruzko poemak ondu ditu Aranak. "Begirada bakar bat eskaintzen dut liburuan" azaldu du, hau da, bere ikuspegitik mintzo da, "txikitik ari naiz, ez dut inori lezioak emateko intentziorik". Are gehiago, galderak planteatzen ditu, irakurleen gogoeta pizteko asmoz.

Etxearen inguruko hausnarketatik abiatzen dira liburuko poemetako asko, etxearen atzean zer ote zegoen jakinminez. "Etxe fisikoa baino, badaude beste elementu batzuk gaztelerako hogar hori eraikitzen dutenak". Gizartea, garaia, inguruko jendea, gorputza€ dira Aranarentzat etxearen irudikapen. Hausnarketa horretatik bada, poemak "domestiko" atera zaizkiola aitortu du gazteak, eta hain zuzen ere, poemak "domestikotasun" horren markoan antolatu ditu.

Sorkuntzaren tolesduretan

Prosa eta poesia. Biak ala biak ezagun ditu, landu ditu. Hala ere, oso modu desberdinean bizi dituela adierazi du, bai ekoizpenari eta baita irakurtzeari dagokionez. Prosa idaztean, ordenagailuz idaztera eta "horretara" jarri ohi da. "Aldiz, poesia txinpartatik idazten dut", esan du. Poesia idazteko prozesua "kaotiko" gisa sailkatu du, paper zikinak, oharrak, telefonoan€ erabiltzen baititu. Halaber, "askeagoa" sentitzen dela onartu du. "Nire sortzeko mekanismoak irrazionalagoak dira batean edo bestean, arrazionalak izan gabe, ez baitut uste sormena arrazionala denik". Portuak eleberria ez ezik, Izotzetan islatuak (Liberoamerika, 2020) euskal idazle gazteen bilduman ere kaleratuak zituen poema batzuk, Lazunak azkazaletan argitaratu aurretik.

Sorkuntzaren alorrean, bestetik, bertsolaritzan aritzen da Arana. Eskoriatzakoak, hain zuzen, bitan irabazi du Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa, azkena, 2018an. Bertsoa eta poesia alderatu ditu, nolabait, bat-batekotasunetik aritzen baita: "Poemak buruan izaten ditut denbora luzez, idazten jartzen naizen arte. Bertsolaritzan ere halako zer edo zer gertatzen zait, luzaroan izandako kezkak bat-batean ateratzen dira". Logikoa lirudike bertso mundutik etorrita, bien arteko gertutasuna topatzea liburuan. Aitzitik, Aranak azpimarratu du bi diziplinen artean desberdintasun ugari daudela, eta poemetan ez diela erreparatu neurri eta errimei.

Belaunaldi berriaren aitzindari

Liburua kaleratzeaz batera, iritsi ziren zorion mezuak eta laudorioak sareetan. Tartean, Euskal Idazleen Elkartako twitterreko kontuan hala mintzatu ziren idazleaz: "XXI. mendean jaiotako lehen idazlea". Aranak azaldu duenez, hasieran, "motxila" bete ardura sentitu zuen, bere balio bakarra gazte izatea izango balitz bezala. "Eta bi urte lehenago jaio izan banintz?", planteatu du idazleak albisteak izan lezakeen zentzuaz ari dela. Kezka izanagatik ere, alderdi positiboa bilatu nahi izan dio mezuari, beste gazte askorentzako erreferente gisa balio dezakeelakoan: "Ikusi dezatela adinak berdin duela, argitaratzea posible da". Edonola ere, argi du bere lanak badituela adinaz haragoko beste hainbat bertute.

Aitzindaria da, era berean, bakarkako lana egin duelako, eta Aranaren hitzetan, gazteek gehiago jotzen dute kolektiboan eta era kolaboratiboan sortzera. Horren alde onen eta txarren artean honakoa azpimarratu du: "Lagunarteko sareetan sortzera ohituta gaude eta oso gutxitan argitaratzen dira lan horiek, edo ez dira oso ezagunak". Hori dela eta, espero du Lazunak azkazaletan egoera aldatzeko urratsa izan daitekeela.